La Caixaren aurkako erasoa: etxean dira kaltetu guztiak

Goiatz Arana Begiristain 2007ko urt. 11a, 17:28
La Caixaren bulegoaren kontra egindako erasoaren ondoren, apurka-apurka normaltasunera bueltatzen ari dira arrasatearrak. Zapatu goizaldeaz geroztik Hotel Mondragonen egon diren bizilagun guztiak itzuli dira euren etxeetara. Kea arnastuta, ospitalera eraman behar izan zuten 79 urteko gizonezkoaren osasun egoerak ere hobera egin du. Gaur arratsaldean elkarretaratzea egingo dute zapatuko erasoak gaitzesteko.

Etxean dira denak

Orotara, 47 izan dira zapatu goizaldean Garibaiko La Caixaren bulegoari eraso egin izanaren ondorioz azken egunak Hotel Mondragonen eman behar izan dituztenak. Astean zehar euren etxeetara bueltatzen joan dira eta gaur goizean itzuli dira azkeneko biak.

Ambrosio Fernandez, hobeto

Txagorritxun, arnas arazoengatik ospitaleratu zuten Ambrosio Fernandez arrasatearraren egoera, berriz, hobetzen doala jakinarazi du Inazio Lakuntza alkateak, nahiz eta oraindik Zainketa Intentsiboetako Unitatean egon. 79 urteko gizonezkoak gaixotasun larriak izan ditu, eta zapatu gaueko gertakariek ez zioten onik egin. Bere emazteak adierazi du, baina, hasi dela tratamenduari erantzuten eta nahiko egonkor dagoela.

Konponketak

Suak eta keak kaltetutako Roneoko etxeen konponketak ere bide onetik doazela jakinarazi du Inazio Lakuntzak: Gas-instalazioa konponduta dago, baina etxearen aurreko aldea, besteak beste, margotu egin beharko dute. La Caixakoek hiru bat hilabete beharko dituzte bulego berria egiteko; BAZen ondoan ireki dute behin-behinekoa.

Salaketak

Salaketei dagokienez, Goienkaria-k batutako azken datuen arabera, 32 salaketa aurkeztu dituzte orain arte Ertzaintzan eta ez dituzte askoz gehiago espero. Kalte gehienak keak eragindakoak izan direla ere esan dute Bergarako komisariatik. Salaketak Audientzia Nazionalera bideratuko dituzte.

Dendak

Garibai etorbidean dauden UME eta Loramendi Kirolak dendak ere badabiltza normaltasunera bueltatzeko ahaleginetan.
UME-k, esaterako, bihar zabalduko ditu ateak, eta dendako genero guztia ipiniko du salgai %60-70eko beherapenekin. Denda bere onera ekarri dute dagoeneko, baina peritua kalteen balorazioa egiten dabil oraindik.

Bestalde, Loramendi Kirolak dendakoek aurreikusten dute, hilabete-edo beharko dutela Garibaiko denda bere onera bueltatzeko.
 
Bitartean, keak eta kedarrak kaltetutako generoa likidatu gura dute eta Erdiko kaleko lokal bat egokitzen dabiltza, lehen Nerea denda zegoen lekuan. Zapatuan ireki gura dute, baina perituarekin egon behar dute ezer egin aurretik.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak