La Caixako etxebizitzen zozketa: arratsaldean jakinaraziko dute onuradunen zerrenda

Arantzazu Ezkibel Galdos 2009ko mar. 26a, 13:44
Gaur zozketatu dituzte babestutako errentan hartzeko La Caixako 148 etxebizitza. Ateak itxita egin da zozketa La Caixak Garibain duen bulegoan. Han izan dira Udal ordezkariak, La Caixako ordezkariak eta notarioa, besteak beste. Onuradunek ekainean aukeratu beharko dute zein etxebizitza gura duten, gaurko zozketako zerrendaren arabera.

Zozketa bera jendaurrean egin ez duten arren, publikoa izan da. Hala, komunikabideak bertan egoteaz gainera, Arrasateko Udaleko ordezkariak ere egon dira, eta, halakoetan ohi denez, notario batek gidatu du zozketa, ordenagailu bitartez.

Arratsaldeko 18:00etan jarriko dute zerrenda webgunean

La Caixak iragarriko du onuradunen zerrenda euren webgunean gaur, arratsaldeko 18:00etarako. Eskatzaile bakoitzak kontsultatu ahal izango du zerrenda, eskaera zenbakia eta nortasun agiria erabilita.

Bonboan 494 eskatzaile zeuden, lau kupotan banatuta: 133 etxebizitza 65 urtetik beherakoendako, eta talde horretan zeuden 448 eskatzaile; beste sei etxebizitza familia bakarrekoendako eta genero biolentzia jasan dutenendako. Sei etxebizitza gehiago egokitu dituzte zailtasunak dituztenendako, eta bukatzeko, hiru etxebizitza 65 urtetik gorakoendako.

Etxebizitzak ekainean emateko asmoa dute

Zozketaren emaitza ez da izango behin betikoa. Onuradunen datuak konprobatu egiten dituzte; izan ere, halakoetan askok baja ematen dute. Hori horrela, etxerik tokatu ez zaienak pasako dira itxaron zerrendara eta bajak baldin badaude, haiek sartuko dituzte onuradunen zerrendan.

Etxebizitzei dagokienez, eraikitze obrak bide onetik doaz eta giltzak ekainean entregatzeko asmoa dute. Maiatzean behin betiko zerrendak aurkeztuko dituzte, eta orduan, etxeen aukeraketa egingo dute zozketako ordenaren arabera. 

132 logela bakarrekoak dira; eta, 16 bi logelakoak

Etxebizitzak dira 132 logela bakarrekoak eta 16 bi logelatakoak. Logela bakarreko etxeak 48 metro koadrokoak dira eta bi logelatakoak 63 metro koadrokoak. Etxe guztiek garajea eta trastelekua dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak