Kulturate eta Biteri plazaren gainean galdetuko diete herritarrei

Ubane Madera 2008ko azaroaren 12a

San Josepe harrobiaren gaineko bozketa bukatuta, datorren urtean Arrasateko beste bi konturen gainean galdetuko diete herritarrei: Kulturatek eskaintzen duen zerbitzuaren gainean eta Biteri plazaren etorkizunaren gainean.

Kulturateri buruz, kontuan hartuta kultura etxearen zerbitzua berria dela, Udalak haren gaineko balorazioa eskuratu gura du. Oihana Aranburu alkateordeak azaldu duenez, "partehartzearen bitartez" jakin gura dute erabiltzaileek "zein behar ikusten dituzten edo zein proposamen duten". Aranburuk esan du badituztela proposamen batzuk, adibidez, "udako ordutegia dela-eta hura handitzeko, edo azterketetan malgutasun gehiago eskatzen ordutegiarekin". Herritarrei galdetuta Udalak gura du lortu "oinarria" zerbitzuaren erabilera hobetzeko.

Biteri plazaren etorkizuna

Biteri plazari dagokionez, berriz, Arrasateko Udalak ikusten duena da "plazaren erabilera ez dela pentsatzen zena modukoa"; hala, gura duena da herritarrei galdetu "zein erabilerarako ikusten duten aproposa", dio alkateordeak. Edozelan ere, gaineratu du horrek ez duela esan gura "gero gauzatuko denik", baina balioko diela herritarren iritzia jakiteko.

Kulturate: inkesta bitartez

Bi egitasmo horiek Gipuzkoako Diputazioarekin eta Eudelekin elkarlanean egingo ditu Udalak. Hala, Edurne Egañak. Lehendakaritzako eta Foru Administrazioko Foru Diputatuak emandako xehetasunen arabera, Kulturateren gaineko iritzia galdeketa bitartez batuko dute. Gizaker enpresa arduratuko da horrekin eta telefonoz zein etxez etxe banatutako inkestak egingo dituzte.

Biteri: lantegiak eta batzarrak

Biteri plazaren gaineko iritzia batzeko, berriz, beste metodologia mota bat erabiliko dutela esan du diputatuak: "Sistema luzeagoa izango da, herritarren erantzunaren araberakoa. Tailerrak, herritarrekin batzarrak… egingo ditugu, tokian tokiko beharren arabera". Siadeco enpresak egingo du lan hori. Edozelan ere, helburua da bi kasuetan, urtebeteren buruan izatea emaitza. 

Gipuzkoako udalerrietan herritarren partehartzea bideratzeko ekimena guztiz berria da; Edurne Egaña diputatuak azpimarratu gura izan du “herritarren partaidetza sustatzea” dela Gipuzkoako Diputazioak aurtengo legealdian duen zutabeetako bat, eta gura izan dituztela Udalak ibilbide hori Diputazioarekin batera egitera gonbidatu, gure “probintzian kultura hori hedatzeko”.

Egañak gaineratu du egitasmoa Gipuzkoako hamar herritan abiarazi behar badute ere, datorren urtean beste deialdi bat egiteko asmoa dutela, herritarren partaidetzaren tresnak apurka-apurka Gipuzkoako herrialde guztietara zabaltzeko asmoarekin.  


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak