Kulturate Akustikoa: emakumeena da oraina eta geroa

Iker Barandiaran 2009ko ira. 21a, 01:27
Bukatu da Kulturate Akustikoa ekimena eta antolatzaileen eta entzuleen artean oso kutsu ona itxi du. Proposamen oso interesgarriak izan dira eta oraingoan, aurreko asteburuan baino gehiago, jendeak oso ondo erantzun du; aretoa bete dute.

Egubakoitzean eskaintza bikoitza izan zen: Mursego alde batetik, eta horren ostean, Saioa. Biak bakarlariak, baina oso estilo desberdinekoak.

Kontzertu pedagogikoa

Mursego Amaia Arroitajauregi eibartarraren proiektua da, eta berak bakarrik ia orkestra bat ordezkatu dezake taula gainean. Celloa hainbat talderekin (Anari, Lisabö...) jotzeagatik da ezaguna, baina Kulturateko emankizunean erakutsi zigun cello jotzaile bikaina izateaz gain, are eta sortzaileagoa dela.
Hain zuzen ere, aparatutxo bat erabilita, abestutako esaldiak, teklatutxo baten doinuak edo celloaren pieza zatiak zuzenean grabatzen zituen; eta abestiak aurrera egin heinean, loop baten moduan jaurti egiten zituen, une horretan interpretatzen zegoena borobilduz edo bestelako ñabardurak gehituz. Aurre-grabatu barik, guztia unean eginda.

Giro ilun eta sentikorra

Inprobisazioa barra-barra eta, euskara, ingelesa, portugesa eta errusiera tartekatuz, kantu politak interpretatu zituen Mursegok, baita Kraftwerk eta PJ Harveyen kantuak ere. Baina kantuak zelan egin daitezkeen ere erakutsi zigun. Ikusleek oso ondo hartu zuten; eta zur eta lur gelditu ziren eibartarrak kantuak egiteko daukan jarioarekin.
Horren ostean, Saioa Garin bakarlariak hartu zuen lekukoa. Gitarra elektrikoa erabili behar izan zuen, nahiz eta akustikoarekin ohituta dagoen; eta horrek deseroso jarri zuen musikaria.

Berarekin giro ilunagoetan murgildu ginen, ilun, geldo eta sentikorragoetan, folk eta pop-rockaren mugetan barrena. Kantu zahar batzuk eskaintzeaz gain, Matrioska heart diskokoak ere jo zituen. Bukaeran, Mursegok lagunduta, Leonard Cohenen kantu bat interpretatu zuten.

Andaluziako goxotasuna

Zapatuan, bukatzeko, Malagako Ani B Sweet-ek eta haren taldeak Kulturateko entzuleak liluratu zituzten. Ahots ederra, xamurtasuna, folk sustraiak dituen kantuak pop-era bideratuta eta talde dotorea alboan.  Hala, malagarrak teklatua, gitarra, biola eta kontrabaxua ekarri zituen berarekin. Eta ez hori bakarrik, road managerra erritmoaz arduratu zen panderetaren laguntzarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak