Eudelek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak politika publikoak ebaluatzeko eta herritarren partaidetza sustatzeko egindako hitzarmenaren ondorio da Gizaker enpresak Arrasateko Udalaren eskariz egindako galdeketa.
Kulturaten, helduen biblioteka eta erakusketa aretoa dira arrasatearrek gehien ezagutu eta ondoen baloratzen dituzten zerbitzuak, hamarretik zortzitik gorako notarekin. Instalazioetako txukuntasunarekin eta langileen profesionaltasunarekin oso gustura daude herritarrak.
Biblioteka zerbitzuari dagokionez, 2009an 12.421 izan ziren bazkideak, hauetatik % 86 hamasei urtetik gorakoak. Dena dela, Jon Garai kultura teknikariak zehaztu du 16 urtetik gorakoen artean gazteenak, 45 urtetik beherakoak direla oraindik zerbitzua gehien erabiltzen dutenak.
Bibliotekako bildumari dagokionez, % 80 liburuak dira, eta kopuru txikiagoetan daude bideoak, musika, aldizkariak eta CD-Romak. Ia 68.000 mailegu egin zituzten iaz bazkideek, erdia liburuak eta % 40 bideoak. Musika % 9. Bibliotekak 4.500 erabiltzaile izan zituen joandako urtean, bakoitzak 15 mailegu egin zituen bataz-beste eta egunean egindako maileguak 244 izan ziren.
Amaia antzokiari dagokionez, herritarren % 87k ezagutzen du, batez ere zinerako, eta antzerki eta musika saioetarako erabili izan dutelako. Ekipamenduari buruz iritzi hobea dute programazioaren gainean baino, hau ere 6,5etik gorakoa da dena dela.
Kultura gidari 7,5eko nota jarri diote herritarrek. Udal arduradunak oso pozik daude galdeketaren emaitzekin.
Bestalde, biblioteka zerbitzuaren ordutegia zabaltzea erabaki du udalak.
Orain arte astegun eguerdietan, itxi egiten zuten liburutegia, aurrerantzean ordea zabalik egongo da. Honenbestez, astelehenetik egubakoitzera bibliotekaren ordutegi berria izango da goizeko 10:00etatik arratsaldeko 20:30era, jarraian. Zapatuetan orain arte moduan, 10:00etatik 13:00era egongo da zabalik, abuztuan 9:30etik 14:30era eta gainerako oporretan eta uda sasoian 10:00etatik 13:00era eta 16:00etatik 20:00etara.
Honez gain, haur liburutegia ere egun gehiagotan zabalduko dute aurrerantzean. Orain arte arratsaldero eta eguazten eta egubakoitz goizetan zabaltzen zuten haur liburutegia; aurrerantzean, ostera, astelehenetik egubakoitzera goiz eta arratsaldez zabalduko dute.
Liburutegiak 8 langile ditu gaur egun, eta udal arduradunek eskerrak eman dizkiete ordutegi berrira moldatzeko egindako ahaleginagatik.