Kukai dantza taldeak 'Soka' ikuskizuna egingo du egubakoitzean Herriko plazan

Kukai dantza konpainia gipuzkoarrak 'Soka' izeneko ikuskizun dinamikoa eskainiko du zapatuan; Sokadantzaren tradizioa oinarri duen ikuskizun berritzailea da. Herriko plazan izango da ikuskiuna; egubakoitzean, 20:00etan. Udazabal ekimenaren barruan dagoen ekitaldia da, beraz, doan izango da.

Arrasateko Udalak udara begira antolatu duen Udazabal ekimenaren barruan, Kukai dantza konpainiaren Soka ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da bihar Herriko plazan (20:00).

Soka bost dantzari eta bi perkusio jolerendako pieza koreografikoa da, Kukai taldearen eta Pantxika Telleria koreografoaren arteko topaketaren fruitua. Ikuskizun dinamikoa eta berritzailea da; kalea eta plaza ekintza gune duena. Berritzailea da, baina, aldi berean, tradizioa du oinarri. Izan ere, sokadantzan oinarritzen da, hots, garai baten gizartearen bateratzea eta parte-hartzea irudikatzen zuen euskal dantzan. Hala, usadio zaharren dantza gaur eguneko bihurtuko dute; begirada berri bat emanda. Begirada berri bat, gaurko gazte sortzaileen begietatik.

Perkusioaren erritmora
Dantzarien gorputz adierazpenek zuzeneko musikaren laguntza izango dute. Perkusioa izango da oinarri, eta bi musikarik instrumentu ezberdinak joko dituzte. Dantzariek eurek ere perkusio lanak egingo dituzte emanaldiko zenbait unetan.
Iñaki Telleria esperientzia handiko musikari gaztea arduratuko da saioaren alde musikalaz.

Maila handiko dantzariak
Jon Maya da proiektuaren zuzendaria eta lehen esan moduan, ikuskizuneko koreografia Pantxika Telleriarekin batera sortu du. Dantzarien taldea osatzen dute Alain Mayak –zuzendariaren anaia gaztea–, Urko Mitxelenak, Eneko Gilek, Nerea Vesgak eta Vanesa Castañok.
Kukai dantza konpainiak jatorri tradizionaleko dantza ikuskizunak sortzen ditu. Eta dantza tradizionaletik abiatuta, saio garaikideak sortzen dituzte. Talde gaztea da, baina dantzaren munduan esperientzia handia duena, aldi berean.

Arrakasta handiko konpainia
2001ean ekin zioten lanari Deiadarra izeneko koreografia aurkeztuz. Ordutik aurrera, hamaika lan egin dituzte, eta esanguratsuenak Ttantaka antzerki taldearekin elkarlanean ekoiztutako lanak izan dira: 1937, gogoaren bidezidorretatik (2002), Otehitzari biraka (2005), Hnuy Illa (2008), esaterako. Lanok arrakasta handia izan dute Euskal Herrian, baina gure mugetatik kanpo ere ez dira oharkabean pasa. Besteak beste, Argentinan, Txilen, Uruguain, AEBetan eta Erresuma Batuan izan dira.
Gonbita egina dago: goi mailako dantza ikuskizun ezberdina, Herriko plazan bertan eta doan, gainera. Aitzakiarako tarte gutxi gelditzen da, hortaz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.