'Krixis'-a bezain potoloa egitaraua, herria berotzeko

Jon Berezibar 2008ko abe. 10a, 18:16
Aurkeztu dute Santamasetako egitaraua. Hilabetetako prestakuntza lanak borobilduz, ezagutzera eman du Komisiñuek aurtengo egitaraua. Kultura taldeei, Udalari eta herritarrei eskerrak eman gura izan dizkiete laguntzarengatik. Ezin bestela, krisiari aipamen eginez, "salda beroak neguko hotza moduan", "jai herrikoiek herria berotzeko" deia eginez; "denok elkar berotzeko" eskaera egin dute Komisiñotik Iraitz Agirrek, kultura taldeetatik Garazi Mendizabalek eta Udaleko ordezkari moduan Izadi Mondragon zinegotziak.

Santamasetako giroa berotzeko nahikoa erregairekin aurkeztu dira antolatzaileak. Hasi ere, goiz hasiko dira aurten ekintzekin,  zapatuan Boulder txapelketa izango da-eta aurtengo Santamasetako lehen hitzordua. Domekan, berriz, dantzari gazteen txanda izago da XII. Binakako Suelto txapelketarekin. Era berean, astelehenetik zabalik egongo da  Kultur Aten herriko baserrien antzinako tresnen erakusketa, Arrasateko baserrien iragana eta oraina erakutsi gura duena. Santamasekin batera etorriko dena, baina, Benito Lertxundi izango da:  zapatua zortzi, 20:00etan Amaia antzokian abestuko du.

Bezpera eta 'krixis'

Aurten txerria, Krixis izena ipini diotena, 21ean aurkeztuko dute, bezperan. Arabako Larrean gizendu, 250 kilo hartu eta zozketatu egingo dute. Bertsolariekin, eta ez edonolakoekin gainera, izango da eguneko bigarren hitzordu esanguratsuena: 22:30ean Amaia antzokian.

Txotx berezia

Hori da aurten egin gura dutena prentsa aurreko aurkezpenean nabarmendu gura izan zuten moduan. Horretarako Aramaioko sagardogileak gonbidatu dituzte. Azoka bera, goizeko 10:00etan zabalduko dute. Ostean, herri bazkaria etorriko da eta aurten gainera Musakolaraino egingo dute dantzariek kalejira, giroa ia herri guztira zabalduaz. Noski, dantza taldeek herritarrei batzeko deialdia egin diete, "Txerri dantza herrikoia" egiteko, hain justu ere. Dantza taldeek ere, hainbat saio egingo dituzte egun guztian zehar baina potoloena, Txarri Dantzia, 13:45ean egingo dute plazan. Ezin ahaztu ere, asteleheneko pilota partiduak, aurten Santamas egunean bertan izango direnak. 18:00etan izango dira Uerkapen . Saio  nagusian Titin II-Laskurain bikoteak Xala-Pascualen kontra jardungo du.

Destakatuak


  • Baserri-tresnen erakusketa / urtarrilaren 9ra arte
  • Benito Lertxundi / bihar 20:00etan Amaian
  • Sagar eta kirikoketa jotzea / domekan 12:30ean
  • 'Amalurraren ahotsa' kalejira / Seberren 18:00etan
  • Krixisen aurkezpena / domekan 19:00etan plazan
  • Bertso jaialdia / domekan 22:30ean, Amaian
  • Eganekin dantzaldia / domekan 23:00etan plazan
  • Etxafleruak eta diana / astelehenan 9:00 - 9:30
  • Azokaren hasiera / astelehenean 10:00etan
  • Txotxa/ astelehenan 10:30ean Herriko Plazan
  • Kalejira / 11:30etan
  • Txarri Dantzia / 13:45ean Herriko Plazan
  • Herri Bazkaria / Musakolako kiroldegian 14:30ean
  • Pelota jaialdia / Uerkapen astelehenean 18:00etan

 

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak