Krisialdiko aurrekontuak onartuta, bigarren bozketan

Ubane Madera 2009ko mar. 17a, 13:31
2009ko aurrekontuak onartu egin zituen atzo udalbatzarrak. Hori horrela, udalerrirako aurrekontu orokorra da 43.600.900 euro pasatxokoa, iazkoa baino %1,94 baxuagoa da. Iturbiden izan ezik, aurrekontu orokorra osatzen duten gainerako bi erakundeetan (AUKEAn eta Udalan) jaitsi egin dute aurrekontua. Kopurutan begiratuta, Udalarendako izango dira 40.800.000 euro pasatxo; Iturbiderendako izango dira 2.700.000 euro pasatxo; eta AUKEArendako, berriz, 1.720.000 euro.

Luzea eta astun samarra. Halakoxea izan zen atzoko osoko bilkura berezia. 19:00etan hasi eta 21:00ak ingurura arte iraun zuen batzarrak. Izan ere, aurrekontu proiektua bera bozkatu baino lehen, proiektuari aurkeztutako emendakinak aurkeztu eta bozkatu zituzten zinegotziek.

Kontuak kontu, eta eztabaidak eztabaida, 2009ko aurrekontuak onartu egin zituen atzo udalbatzarrak. Hori bai, alkatearen kalitateko botoarekin onartu zituzten. Izan ere, zortzi boto alde (Talde Mistoa eta EA), kontrako beste zortzi (PSE-EE, EB-Zutik eta PP) eta lau abstentzio (EAJ eta Aralar) izan zituen proiektuak. 

Onartutakoari dagokionez, Arrasaterako 2009ko aurrekontu orokorra da 43.600.900 euro pasatxokoa, iazkoa baino %1,94 baxuagoa da, izan ere, Iturbiden izan ezik, aurrekontu orokorra osatzen duten gainerako bi erakundeetan (AUKEAn eta Udalan) jaitsi egin dute aurrekontua. Kopurutan begiratuta, Iturbiderendako izango dira 2.700.000 euro pasatxo; eta AUKEArendako, berriz, 1.720.000 euro.

Sailez sail begiratzen badugu, azpimarra dezakeguna da Udalak gaur egun dituen 13 sail edo batzordetatik bakarrik hirutan igotzen dela aurrekontua: Hezkuntzan (%56,05 gehiago), Ongizatean (%18,96 gehiago) eta Gazterian (%10,67 gehiago).

Mailegu beharrik ez

Inbertsioen atalari dagokionez, hori bai, aurrekontu proiektuan azpimarratu dute Udalak ahalegin garrantzitsua egin behar duela inbertsiotarako: 14,4 milioi euro. Eta beste lau milioi euro etorriko direla Estatuko Fondotik. Horrekin batera, azpimarratu dute 2009a hasteko, behintzat, "egoera ekonomiko ona" izango dela Arrasateko Udalean, izan ere, 2008ko urtealdia soberakinarekin itxi dute: 6,5 milioi euro inguruko soberakinarekin. Horri esker, besteak beste, Udalak ez du mailegu beharrik izango.

Inbertsio nagusiak

Etxaluze (Abaroa berria eta San Andresko alkatetza)    2,86 milioi
Zerrajerako urbanizazioa    2,65 milioi
Ferixaleku-Altamira igogailua    1,87 milioi
Iturbideko erreformak    1,1 milioi
AUKEAko inbertsioak    0,55 milioi
Ur-sarea eta argiteria publikoa    0,53 milioi
Hezkuntzako inbertsioak    0,50 milioi
Udala-Besaide ibilbidea berreskuratzeko    0,45 milioi
Bide publikoan lanak    0,36 milioi
Aldaiko parke berria (Estatuko Fondotik)    1,86 milioi
Santamaina birgaitzea (Estatuko Fondotik)    1,69 milioi

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak