Txatxilipurdiren eskutik, 11:30ean, Larunblai haurrendako jolasak hasiko dira Seber Altube plazan. Handik metro gutxi batzuetara, Biteri plazan, gazte txokoetako kideek gazteendako tailerrak antolatuko dituzte, hala nola hankapaluak, euskal olinpiadak eta grafitiak. Ederto pasatzeko aukera izango dute etxeko txikitxoenek zein gazteek.
Eguerdian, bestalde, konpartsa txikiak kaleak girotzen dituen bitartean, Portaloia kantuzaleek kantu-poteoa egingo dute erdigunean. Horretaz aparte, goiz osoan zehar, Ekin elkarteko emakumeak taloak saltzen egongo dira Seber Altuben. Aurtengo Korrikako materiala erosi gura duenak, gainera, aukera izango du zapatu goizean toki berean.
Korrika Kulturala egunaren harira antolatutako ekimenek arratsaldean jarraituko dute, eta musikak hartuko du lekukoa orduan. Herriko Plazan erromeria eta Osintxuko dantza taldearen erakustaldia izango dira, 18:00etan.
Korrika txikia
Horretaz gain, eguenean, apirilak 2, Korrika Txikia egingo dute. 14:45ean Musakolako autobus geltokian hasita, umeek Arrasateko kaleak zeharkatuko dituzte.
Horra hor herriko plazara heldu baino lehen egingo duten ibilbidea: Musakolako geltokitik AEK-ko biribilgunera, Otalora kalera, Muxibarko biribilgunetik Zarugalde kalera jarraituz, Arimazurirantz abiatuko da. Jarraian, Bolintxoko biribilgunetik Arrasate pasealekutik Iturriotz kalera joango dira eta Portaloira iristean, Erdiko kale igaroko dute plazaraino.
Korrika txikia amaitzean, SUDC-ekoek txokolatea banatuko dute plazan. Indarrak berreskuratu ostean, kantu egin ahal izango dute Txatxilipurdik antolatu duen karaokearekin.
Bertso-afaria
Bestalde, Korrika heldu baino ordu batzuk lehenago, apirilaren 4an, Uarkape tabernan bertso afaria egongo da, 21:00etan.