Korrika 19

Korrika badatorrela-eta, bi hitzordu egin dituzte: martxoaren 4an eta 23an

Ubane Madera 2007ko ots. 5a, 09:37

Arrasateko Korrika Batzordea buru-belarri dabil aurtengoa antolatzen. Joan den eguenean egin zuten bigarren batzarra, AEDko egoitzan. Arrasateko ikastetxe, AED, Ekin emakumeak, Euskalan, Emun, AEK eta Maritxu Kajoiko batzordeko ordezkariak batu dira ekitaldiak antolatzeko. Hala jakinarazi du Arrasateko AEKko arduradun Oskar Elizburuk.

Hark kontatu duenez, aurten bi ospakizun egingo dituzte Arrasaten: martxoaren 4an, Korrika Kulturala izango da, eta martxoaren 23an, berriz, Korrika bera iritsiko da.

Kultur Bira

Martxoaren 4ari dagokionez, Kultur Birak kamioi-eszenatokia eramango du Arrasatera. Bazkalostean, Arrasateko kaleetan erakutsiko dute, haren bitartez, Korrikaren kantua eta bideo-klipa. Arratsaldean, Seberren edo Biterin ipiniko dute, eta karpa bat gehituko diote, han, umeendako tailerrak egiteko. "Txatxilipurdikoekin lotzeko dugu hori", dio Elizburuk.

Guztia girotzen ibiliko dira dantzariak, trikitilariak, erraldoiak… eta Ekin elkarteak talo postua ipiniko du. "Dena den, oraindik hori ere guztiz lotu barik dugu", argitu du AEKko arduradunak, eta zera ere gaineratu du: "Kale antzerkia ere izango da, plazan, eta guztiok parte hartu ahal izango dugu".

Egun berean, baina 19:30ean,  Gu eta Gutarrak izeneko ikuskizuna izango da. Amaia Udal Antzokian egingo dute. Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolariek musika eta bertsoak uztartuko dituzte ikuskizun horretan.

Gauerdian

Bestalde, Korrika berari dagokionez, martxoaren 23an iritsiko da, gauerdian, baina egunez gogoraraziko dute haren etorrera. Besteak beste, neska-mutikoek Korrika Txikia egingo dute, 15:00etan aterata, Santamas batzordearen tronkomobilak lagunduta. Bukatzean, 16:30 inguruan, merienda-sorpresa izango dute, plazan. Jaialditxoa ere egingo dute, musikak eta dantzak lagunduta.

Nagusiagoei begira, 19:00etatik 21:00etara, erdigunean, jai giroa sortzeko, Arrasateko banda, txistulari, konpartsa eta bestelakoekin harremanetan dabil Korrika Batzordea; besteak beste, txikiteoa egin gura dute. "Bukatzeko, 21:00etan, Uarkapen, afari herrikoia egingo dugu. Ikusi beharko dugu zenbatendako lekua-eta dugun. Aurrerago emango dugu horren berri zehatzagoa", azaldu du Elizburuk.

Lehen esandako moduan, Korrika 00:00etan iritsiko da. "Mecan egingo diogu ongietorria, suziriekin-eta. Betiko moduan, plaza ingurura iristean, txalaparta izango da…". Eta jakina, herritar asko izango ditu euskararen bidean laguntzeko zain.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak