Irabazten hasi ziren
Arrasatearrek bazekiten zapatuko finala zaila izango zela; aurrean, Eibar talde beteranoa zeukaten; eta, gainera, Arrasateko taldea baja askorekin joan zen Ipintzara.
Hala ere, gogor hasi ziren Txisko-ren neskak. Zelaian ondo kokatuta, baloia kontrolatzeko gauza izan ziren. Lehenengo gola penalti bidez egin zuten. Kontraerasoko jokaldi baten Eibarko atzelariak baloia eskuarekin ukitu eta penaltia adierazi zuen epaileak. Alainek hartu zuen penaltia jaurtitzeko ardura eta ez zuen hutsik egin. Ondorioz, markagailuan aurretik jarri ziren arrasatearrak.
Pozak, baina, gutxi iraun zuen arrasatearren artean. Hurrengo minutuan, korner jaurtiketa batean, Arrasateko defentsak huts egin eta Eibarrek berdinketaren gola egin zuen.
Arrasatearrak behera
Berdinketaren golak indarra eman zien eibartarrei. Aurrera egin zuten armaginek eta beste gol bat egiteko gauza izan ziren. Hala, bi gol aurka zituztela, arrasatearrak behera egin zuten jokoan eta baita animuan ere.
Aldagelatik bueltan arrasatearrak erasora atera ziren. Eibartarrek, hain justu, hori aprobetxatu eta kontraerasoan bi gol egin zituzten.
Hortaz, Txisko-ren neskek txapeldunordearen garaikurrarekin konformatu behar izan zuten zapatuan.
Entrenatzailea, pozik
"Jokalariek gogoa eta ilusioa jarri dute... ezin zaie gehiago eskatu!", adierazi zuen partidu amaieran pozik Txisko entrenatzaileak. Gaineratu zuen, aurtengoa oso denboraldi zaila izan dela: "Atezain barik jokatu dugu ia denboraldi osoan, jokalari bat jarri behar izan dugu atean".
Bi denboraldi eta erdi egin ditu Txisko-k Mondran; iaz Kopa irabazi zuten eta aurten bigarren egin dute. Nesken futbolak laguntza handiagoa behar duela gaineratu du: "Nesken futbola oso ikusgarria da, benetan merezi du ikustera etortzea".