Kooperatibetako batzar nagusietako lehen euskarazko ahotsari, agur

Goiatz Arana Begiristain 2008ko otsailaren 10a

Omenaldia eskaini zioten zapatuan, otsailak 9, Josu Otadui zenari. Gertuko lagun izan zutenek eta senitartekoek bete egin zuten Kulturateko gela, omenaldi-ekitaldian. Gizon euskaltzalea, abertzalea eta langile porrokatua izan zela nabarmendu zuten.

Borrokalari handia izan zen Josu Otadui, euskararen eta aberriaren alde lan asko egindako gizona. Hala kontatu digute bere lagunek. Abertzale berezia izan zela diote, Euskal Herria jomuga eta lanerako esparru izan zuena, eta langileen aberriaren aldekoa. Euskarari dagokionean, bera izan zen euskaraz hitz egiten lehena kooperatibetako batzar nagusietan, 1970 urte inguruan, eta AED elkartearen sorreran ere gogor jardun ei zuen, bazkide bila. Baina bazuen hirugarren ezaugarri bat ere, gertutik ezagutu zutenek azpimarratu nahi izan dutena: jarraikortasuna. Finean, gizon osoa, betea, herrikoia eta lagunen laguna izan zela azaldu digute.

Ezaugarri horiek guztiak batzen zituen pertsona izan zelako, akaso, deialdi zabalik egin beharrik ez zen izan zapatuan Kulturateko Loramendi gela betetzeko. Josu Otadui zenaren lagun eta senitartekoak batu ziren bertan. "Elizkizun bat eginez esan genion agur pasa den abenduaren 24an, baina bere mundua ez zen erlijiosoa eta, horregatik, ekitaldi jendartekoago bat antolatu nahi izan dugu, inolako kutsurik gabekoa" argitu zigun bere lagun Joxe Mari Muxikak.

Omenaldi-ekitaldia

Txalapartarien saioarekin hasi zuten zapatuko ekitaldia; haren bizitzako pasarteetako batzuk gogoratu zituzten ondoren; eta koplak abestu zituzten hurrena, Egun da Santimamiñe doinuan:

"... Irrifar eta atseginez,
edozeinekin solasa,
zure bultzada hor egongo da,
ezta alferrikan pasa
"

Dantzari batek aurreskua dantzatu zuen, txistulariak lagunduta; Albina Arana alargunari lore eskaintza egin zioten; eta, Agur Jauna kantatuz, amaiera eman zioten ekitaldiari.

Omenaldiak iraun zuen bitartean, aurrean izan zituzten Josu Otadui zenaren argazkia eta Nafarroako bandera: Euskal Herria Nafarroako estatua izan zen garaiarekin liluratuta lanean diharduten Orreaga eta Nabarralde bezalako kultura taldeekin harreman estua izan zuen Arrasatekoak.

Goienaren eguneroko lanean ere egin zuen ekarpenik Josu Otaduik, errementari ogibidea nahiz historiaren gainean zuen ezagutza tarteko. Eskerrik asko.

Biografia datu batzuk

Josu Otadui Belastegi Arrasaten jaio zen 1920ko maiatzaren 11n. Errementaritza izan zuen ogibide luzaroan, aitaren ofizio berbera. 1957 urtean kooperatiban hasi zen lanean, eta bertan hartu zuen erretiroa. 36 urterekin, Albina Aranarekin ezkondu zen, Arantzazun, eta hiru seme-alaba izan zituzten elkarrekin. Euskarekiko zaletasun handia izan zuen, eta lan handia egin zuen sindikalista moduan ere; ELAn egon zen afiliatua.

Errautsak, Udalaitzen

Pasa den abenduaren 23an hil zen, 87 urterekin. Udalaitz mendian bota zituzten errautsak, berak eskatu bezala. Oso maitea zuen toki hura.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak