Kontzertu jendetsua Ismael Serranok eskainitakoa

Txomin Madina Milikua 2010ko api. 17a, 22:37
Sahararen alde Madrileko bakarlariak Arrasaten emandako kontzertuaren hasieran ametsen munduan murgiltzeko gonbitea luzatu zigun eta halaxe, bi ordu eta erdi pasatxoan zehar, bidelagun izan zuen betetzeko gutxi falta izan zitzaion Amaia Antzokia.

Agertokia ez zen agertoki izan, Serranoren etxeko egongela baizik eta bere etxebizitza-bloke irudikariko istorio surrealista eta hunkigarriak kontatzen zituen heinean, hasierako eta oraingo abestiak tartekatu zituen.

Argitaratu berri duen Acuérdate de vivir diskoko Vuelvo izan zen kontzertua ireki zuen kanta; ixtea berriz, Papá cuéntame otra vez doinu aski ezagunari egokitu zitzaion. Bien artean, hogei abesti baino gehiago; amodioaz eta munduari buruzko gogoeta pertsonalez; baita gaurkotasunari lotutakoak ere, sahararren eskubideen aldeko Un hombre espera en el desierto edo langabeei buruzko Podría ser esaterako.

Doinu tristeak umore onean

Nabaria zen Amaia antzokian bildutako jendea Serrano gosez zegoela: etengabeak izan ziren ikusleek eserlekuetatik madrildarrari egindako eskari eta komentarioak eta Serranok umorez erantzuten zien, umore onez eta ironiaz. 

Bakarlaria baina, hankamotz egongo zen bere banda gabe; denen artean sortutako kimikak egin zuen berezia kontzertua. Agur esan aurretik eta jendeak hala eskatuta, bi aldiz itzuli behar izan ziren agertokira; kontzertu hasieran proposatutako bidaia motzegia izan zenaren seinale.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak