Kontzentrazio jendetsua Carrascoren hilketa salatzeko

Edu Mendibil 2008ko martxoaren 8a

Milaka herritar batu dira gaur eguerdian Arrasateko plazan, atzo tiroz hil zuten Isaias Carrasco PSE-EEko zinegotzi ohiaren aurkako atentatua gaitzesteko. EAEkoak izan ezik, alderdi guztietako ordezkariak izan dira Arrasateko kontzentrazioan.

Arrasatera gerturatu dira, besteak beste, PSOEko buruzagiak, Maria Teresa Fernandez De la Vega presidenteordea, Manuel Chaves Andaluziako presidentea, Javier Ares edo Diego Lopez Garrido. Beraiekin batera, esan bezala, beste alderdietako politikoak: EAJren aldetik Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria, Iñigo Urkullu, Miren Azkarate Jaurlaritzako bozeramalea, Andoni Ortuzar, Joseba Egibar edo Josu Jon Imaz EBBko presidente ohia; PP alderdiko Maria San Gil, Eusko Alkartasunako Unai Ziarreta presidentea eta Rafa Larreina EAko parlamentaria; Aralarreko Aintzane Ezenarro; Gaspar Llamazares IU-EBko Idazkari Orokorra; Candido Mendez UGTko Idazkari Orokorra eta abar luze bat. Atzo Arrasaten izan ziren Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Mariano Rajoy Espainiako gobernurako hautagaiek ez dute parte hartu gaurko kontzentrazioan.

Herritar anonimo pilo batek bat egin du deialdiarekin eta Arrasateko plaza jendez lepo egon da. Ikusmina sekulakoa izan da eta komunikabide ugari izan dira Arrasateko kontzentrazioa jarraitzen.

Sandra alabaren hitzak

Ordu laurdeneko kontzentrazioaren ostean, Isaias Carrascoren alaba nagusiak, Sandrak, agerraldia egin du komunikabideen aurrean, Manuel Chavesen babesarekin. Zera adierazi du: “Arrasateko herriari bihotzez eskertu nahi diot emandako laguntza. Gure amarekin eta anai-arrebekin izan duten jarrera eskertzekoa da momentu latz hauetan. Sozialisten babesa eskertu nahi dut baita. Askatasuna, demokrazia eta ideia sozialistak defenditzearren hil dute gure aita. Hil dutenak koldar batzuk baino ez dira, eta nire aita aurpegia eman zuen gizon ausarta zen. Batez ere zera eskatu nahi dut: nire aitaren erailketa ez dezala inork manipulatu. Hori ez dugu inondik inora onartuko. Puta seme batzuk dira”. Gainerako alderdiek gogor salatu dute atentatua, ETAri leporatuz eta biharko hauteskundeetan parte hartzeko deia eginez.

Kontzentrazioaren ostean txaloak eskaini diote herritarrek atzo erail zuten Isasias Carrascori. Jende ugari izan da udaletxeko osoko bilkuren jarritako hil-kapera bisitatzen.

Hileta-elizkizuna San Juan Parrokian

Isasias Carrascoren aldeko hileta elizkizuna 17:00etan hasi da San Juan Parrokian. Juan Maria Uriarte gotzainak dihardu meza esaten.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak