Kontzentrazio jendetsua Carrascosaren hilketa salatzeko

Edu Mendibil 2008ko mar. 8a, 18:42
Milaka herritar batu dira gaur Arrasateko plazan, atzo tiroz hil zuten Isaias Carrascosa PSE-EEko zinegotziaren aurkako atentatua gaitzesteko. EAEkoak izan ezik, alderdi guztietako ordezkariak izan dira Arrasateko kontzentrazioan.

Hara gerturatu dira, besteak beste, PSOEko buruzagiak, Maria Teresa Fernandez De la Vega presidenteordea, Manuel Chaves Andaluziako presidentea, Javier Ares edo Diego Lopez Garrido. Beraiekin batera, esan bezala, beste alderdietako politikoak: EAJren aldetik Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria, Iñigo Urkullu, Miren Azkarate Jaurlaritzako bozeramalea, Andoni Ortuzar, Joseba Egibar edo Josu Jon Imaz EBBko presidente ohia; PP alderdiko Maria San Gil, Eusko Alkartasunako Unai Ziarreta presidentea eta Rafa Larreina EAko parlamentaria; Gaspar Llamazares IU-EBko Idazkari Orokorra; Candido Mendez UGTko Idazkari Orokorra eta abar luze bat. Atzo Arrasaten izan ziren Jose Luis Rodriguez Zapaterok eta Mariano Rajoy kEspainiako gobernurako hautagaiek ez dute parte hartu gaurko kontzentrazioan.

Herritar anonimo pilo batek bat egin du deialdiarekin eta Arrasateko plaza jendez lepo egon da. Ikusmina sekulakoa izan da eta komunikabide ugari izan dira Arrasateko kontzentrazioa jarraitzen.


Sandra alabaren agerraldia

Ordu laurdeneko kontzentrazioaren ostean, Isaias Carrascosaren alaba nagusiak, Sandrak, agerraldia egin du komunikabideen aurrean. Zera adierazi du: “Arrasateko herriari bihotzez eskertu nahi diot emandako laguntza. Gure amarekin eta anai-arrebekin izan duten jarrera eskertzekoa da momentu latz hauetan. Sozialisten babesa eskertu nahi dut baita. Askatasuna, demokrazia eta ideia sozialistak defenditzearren hil dute gure aita. Hil dutenak koldar batzuk baino ez dira, eta nire aita aurpegia eman zuen gizon ausarta zen. Batez ere zera eskatu nahi dut: nire aitaren erailketa ez dezala inork manipulatu. Hori ez dugu inondik inora onartuko. Puta seme batzuk dira”.

 

Kontzentrazioaren ostean txaloak eskaini diote herritarrek atzo erail zuten Isasias Carrascosari. Jende ugari izan da udaletxeko osoko bilkuren jarritako hil-kapera bisitatzen.

Hileta-elizkizuna San Juan Parrokian

Isasias Carrascosaren aldeko hileta elizkizuna 17:00etan hasi da San Juan Parrokian. Juan Maria Uriarte gotzainak dihardu meza esaten.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak