Komertzio eta tabernetan jarraipena handia izan da, ez horrela enpresa handietan eta hezkuntza zentroetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2008ko mai. 8a, 15:35
Arrasateko hiperEroski itxita dago baita udal zerbitzu guztiak ere. Lantegi handietan, ikastetxeetan eta Eskualdeko Ospitalean lanean dihardute.

Greba deialdiak erantzun ezberdina izan du Arrasaten gunearen eta sektorearen arabera. Erdigunean grebak erantzun zabala izan du; negozio txiki eta taberna gehienak itxita daude. Ez dute grebarekin bat egin Lidl-en, Super BMn eta DIAn. HiperEroski itxita dago baita udal zerbitzu guztiak ere. Itxita daude udaletxea, udal liburutegia, udal euskaltegia, Musakolako kiroldegia eta BAZ.

    Greba deialdiak jarraipen txikiagoa izan du lantegi eta enpresetan. Bat egin dute deialdiarekin Fagor Arrasatek, Gameik, JMAk, Alejandro Altunak, Alecop-ek, Asmobik, Utillajes Uribesalgok zein Arrasateko egoitzetan lan egiten duten Goienako langileek. Ez dute deialdiarekin bat egin Fagor Elektratresnak, Fagor Elektragailuak, Fagor Elektronikak, Fagor Ederlanek eta Automationek, Euskadiko Kutxak eta Ikerlanek.

    Lasa Lineas automaticas lantegian ez dute bozkatu eta bakoitzaren esku utzi dute greba deialdiarekin bat egitearen erabakia. Gauza berdira bertatu da Gelman, Joman, Union Cerrajeran eta Polmetasan.

    Hezkuntzari sektoreari dagokionean nabarmentzekoa da ikastetxe gehienetan ez dutela grebarekin bat egin. Mondragon Unibertsitateko langileek ez dute grebarekin bat egin eta ikasleen artean greba egitearen aldeko botoak gailendu dira. Arizmendi ikastoan, Arrasate Institutuan eta Bedoñabe herri eskolan umeak eskolan normaltasunez sartzen ikusi ditugu.

Piketeak 07:30ean

Pikete informatiboak izan dira Udalako eta Mondragon Unibertsitateko biribilgunean 07:30ean. 'Greba orokorra, Ino askatu' irakur zitekeen pankartetan. Bestelako hainbat kartel eta pankarta ere ikus daitezke Arrasateko kaleetan 'EAE-ANV aurrera', 'Ino askatu' edo 'Erabakia herriaren, udala herritarrena. Ino askatu' dioten pankartak, hain zuzen ere.

Auto karabana, 10:00etan

Herritar talde batek auto karabana egin du 10:00etan. Eguerdiko manifestazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak eta Ino Galparsoro alkatearen askatasuna eskatzera.

Ertzaintzaren identifikazioak

Piketeetan eta auto-karabanan ertzaintzako agenteek hainbat lagun identifikatu dituzte. Hainbat gaztek adierazi dutenez goizean goiz Garibai kalean gelditu dituzte euren aurpegiak kamarekin grabatzeko. Gazte bat identifikatu dute une horretan eta zitazio bat jaso du.

    Ertzantzaren iturrien arabera, 16 pertsona identifikatu dituzte goizean zehar Arrasaten, baina ez dela istilurik izan adierazi dute.

Coprecin lanean

Nahiz eta Aretxabaletako enpresa izan, Coprecin ere bozketa egin dute greba deialdiarekin bat egin ala ez erabakitzeko. Ino Galparsoro Copreciko langile erretiratua da. Greba ez egiteko emaitza irten da. Adierazi digute gutxigatik izan dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak