Kiroldegiko ikastaroak probatzeko aukera dago izena eman baino lehen

Jon Berezibar 2008ko ira. 3a, 14:19
Ikastaroak modu ofizialean hasi baino lehen, ekimen berritzailea egin behar dute: hainbat ikastaro zelakoak izango diren frogatzeko doako saioak izango dira. Irailaren 15etik 18rako astean izango da hori, bi aste barru, beraz Musakolako kiroldegitik emandako xehetasunen arabera, sei ikastaro frogatzeko aukera emango dute, doan: body-pump, body-balance, body-jam, aerobic step, pilates eta spining. Ikastaro gehienak berriak direnez, kiroldegikoen helburua da jendeari erakustea kirol mota bakoitzaren ezaugarriak gero gustukoen duen horretan izena eman dezan.

 Musakolako kiroldegian konfirmatu digute jendea badabilela aurtengo ikasturteari begira izena ematen, ikastaroak irailaren 22an hasiko dituzte-eta.  Berritasun gehiago ere izango ditu kiroldegiak. Eta pilates gustuko dutenendako, eskaintza oso interesgarri bat: pilateseko hastapen ikastaroa, doan. Pilates egin ahal izateko, beharrezkoa da gutxieneko nozio batzuk izatea eta horretarako hastapen ikastaroa egin beharra dago; bada horixe da irailean doan eskainiko dutena.

Lau saio egingo dituzte bi astean, eta saio horiek eginez gero, jendeak gero aukera izango du pilateseko gura duen ikastaroan izena ematea. Iraileko aukera bukatu ostean, hastapen ikastaro hori ordaindu egin beharko da, orain arte egin izan den moduan.   

Eta berritasun gehiagoren artean, Musakolako kiroldegitik aurreratu dute igeriketan ere izango dela halakorik. Adibidez, aurten sei hilabetetik 36 hilabetera bitarteko umetxoendako igeriketa ikastaroak izango dira. Eta 3 urtetik aurrera, mailen arabera sailkatutako ikastaroak izango dira, metodo berritzaile bat erabilita.

Informazio gehiago behar duenak, kiroldegira joan barik, Biztanleen Arreta Zerbitzuan aurki dezake; izan ere, ikastaroen gaineko informazioa emateko bideo daude BAZen. Bideo berak daude Musakolako kiroldegian eta jakina, hara joanez gero, zuzeneko informazioa ere eskura daiteke.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak