Kirol zerbitzuetan izena emateko epea zabaldu dute

Ubane Madera 2009ko ira. 1a, 14:58
Aurtengo ikasturtean berrikuntzekin datoz Arrasateko kirol zerbitzuetan. Adibidez, ordutegia handitu egin dute; eta baita kirol eskaintza ere. Ordutegiari dagokionez, gaur (martitzena) hasi dira lanean neguko ordutegiarekin (07:00etatik 22:00etara). Kirol eskaintzari dagokionez, berriz, izenemate epea zabaldu dute, irailaren erdialdera arte. Kantxen alokairurako ere orain eman behar da izena.

AUKEAk kirol eskaintza zabala iragarri du 2009-2010 ikasturterako. Ohiko ikastaroekin batera, berritasunak izango direla jakinarazi dute. Adibidez, aurten patinajea familian egiteko aukera izango da; edo 6 hilabete eta 3 urte bitarteko umetxoendako igeriketa ikastaroak izango dira, zapatuetan. Yoga ere eskainiko dute aurten; funky dantza ikasteko bidea ere bai, eta baita ere modan dauden hainbat jarduera batzen dituen kirol mota berria: Total Fitness.

Klasikoak

Horiek, esandakoa, eskaintza berriak dira; baina klasikoek ez dute hutsik egingo. Batzuk aipatzearren, helduendako igeriketa ikastaroak izango dira Musakolako kiroldegian, hirugarren adinekoendako gimnasia, intentsitate altuko jarduerak, body-pump eta spinning bezalakoak edo koreografia dantza jarduerak: batuka, aerobic edo body jam. Pista jarduerei dagokienez, padel eta tenis ikastaroak ere badira, eta jarduera egokituen artean, igeriketa eta Atzegiko gimnasia.

Ate irekiak

Eta horrenbesteko eskaintzaren aurrean zer aukeratu ez dakienarekin ere pentsatu dute kiroldegikoek, izan ere, iragarri dute datorren astelehenetik aurrera (irailak 7) kiroldegiko ateak zabaldu egingo dituztela ikastaro gehienak doan frogatzeko aukera emateko.

Hain zuzen, astelehenean hasi eta eguenera bitartean zabalduko dituzte ateak kiroldegian, 09:15etik eta 20:30ak arte. Pilates hastapena, spinning hastapena, yoga, batuka, total fitness, body balance, aerobic hastapena eta spinning hastapena doan frogatu ahal izango dira.

Kantxen alokairua

Bestalde, kirola egiteko kantxak alokatu behar dituztenendako oharra ere helarazi dute kiroldegitik: urritik abendura bitarteko eskaerak irailaren 15a baino lehen egin behar dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak