Kirol proiektua eguneratu nahi dute Ointxen, denboraldiaren aurkezpenean esan dutenez

Julen Iriondo 2009ko urr. 30a, 12:33
Denboraldia hasi zenetik aste batzuk pasatu dira, baina Arrasateko Ointxe saskibaloi klubak bart egin du sasoi berriaren aurkezpena. Federatuen artean 6 talde izango ditu aurten Ointxek, eta gaztetxoen beste lau ere bai. Talde nagusiaren helburua izango da iaz baino estutasun gutxiago pasatzea. Denbora askoan batetik bestera ibili ostean, aurrerantzean Mojategiko kirol-gunean izango duten lokalean egin zuten aurkezpena.

Federatuen artean 6 talde, eta infantiletan eta alebinetan bina ditu Ointxek hasi berri den denboraldian. Dezenteko egitura du klubak, eta duela urte batzuk hasitako kirol proiektua eguneratuta edukitzea nahi dute arduradunek. Klubean koordinazio hobea eduki, kirol helburuak argi jarri,... honetarako galdeketa bat pasa diete entrenatzaile eta jokalariei, euren iritzia ezagutzeko.

Nobedade moduan, aurten denboraldia hasi aurretxoan egonaldia egin dute Ointxeko sei talde federatuek Zaragozan, prestaketa gisa. Esperientzia positiboa izan omen da, eta gerora ere errepikatzekotan dira.

Honez gain, etorkizunean garrantzia emango diote baita ere entrenatzaileen eta epaileen formazioari. Jakin badakite klubean zeregin horiek konpromiso handia eskatzen dutela, eta arduradunek nahi dute jende hori bere lanean gustura ibiltzeko baldintzak sortzea.

Ointxeko buruek jakinarazi zuten baita ere aurten bigarren aldiz egingo dela Gabonetako gazte mailako torneoa. Sona handiko txapelketa izango ei da, Mondragon Unibertsitateaz gain Euskadiko selekzioa eta estatuko beste lau talde batuko dituena. Honez gain, elbarrituen saskibaloi partidu bat ere egingo dute.

Ligara itzuliz, Jon Basurko presidenteak zioen espero duela talde nagusiak iaz baino estutasun gutxiago pasatzea, eta gazte eta kadete mailakoak Euskadiko Ligarako borrokan ikusi nahi lituzkeela.

Mojategiko lokal berrian beste kirol elkarte batzuekin batera egongo dira Ointxekoak, eta hau begi onez ikusten dute, harremanak landu eta ekintzak batera antolatzeko modua izango dutelako. Amaitzeko, Basurkok eskerrak eman zizkien klubak azken hiru urteetan babesle dituen Mondragon Unibertsitateari eta Ford Mugarriri, eta baita gainerako laguntzaileei ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak