Kirol eskaintzan berritasunak izango dira datorren urtean

Miren Arregi Amasorrain 2007ko abenduaren 19a

Arrasateko AUKEA kirol erakundeak datorren urteari begira osatu duen kirol kanpainaren berri eman du. 'Kirola zeureganatu' du izena kanpaina berriak, eta kirol eskaintzan aldaketak ekarriko ditu. Ordutegiak zabalduko dira, eta kirola herritarren beharretara egokitzea izango da ardatza.

Musakolako kiroldegiak 30 urte bete berri dituen honetan, Arrasateko AUKEA kirol erakundeak berrikuntzak txertatuko ditu kiroldegiaren funtzionamenduan. Datorren urtera begira, Kirola zeureganatu delako kanpaina ipini dute martxan eta egokitzapenak ekarriko ditu honek.

Aurten 5.500 abonatu izan ditu Musakolako kiroldegiak eta datozen urteetan kopuru hori hazi egingo dela aurreikusten dute AUKEAn.

Kanpaina berri honekin, AUKEAk nahi duena da jendearen edo herritarren eskakizunei erantzuna eman ahal izatea, eta herritarren beharrei erantzutea.

Berrikuntzak

Datorren urtean, besteak beste, kirol eskaintza ordutegi berrietara zabalduko da, aretoetan berrikuntzak egingo dira, hala nola, gimnasioan eta yoga aretoan, eta instalakuntzen ordutegia ere zabalduko da.

Zerbitzuak

Instalakuntzak (alokairuak): tenis, padel, sofball, futbol zelai erdia (abonatuentzat doan, mankomunatu eta kanpotarrentzat alokairu prezioa).
Ikastaroak:

1. Berriak:

  • goizeko eskaintza: 7:15ean spinning, 9:15ean batuka eta pilates.
  • eguerdiko eskaintza (dendariei zuzendua): 15:00etan pilates eta spinning.
  • arratsaldeko eskaintza: 17:30ean spinning berria eta pilates.
  • areto berria, yogarako: astelehen eta asteazkenetan 8:15, 19:30 eta 20:30.
2. Tenis eta padel ikastaroak.

3. Igeriketa

  • Haur jaio berriena
  • Eskaintza pertsonalizatua - hobekuntza: 7:00-17:30 arteko ordutegian.

Ordutegiak

Kiroldegiko ordutegiak zabaldu dira aurten:
Igerilekua:

  • neguan 1,5 ordu gehiago.
  • jai egunetan 1 ordu gehiago.
  • larunbatetan 3.30 ordu gehiago.

Instalakuntzak

  • Neguan ordu bat gehiagoz,  7:00etatik 22:00etara.
  • Igande, jai egunetan eta abuztuan 30min gehiagoz.

Abonatzearen onurak

Abonatzeak dituen onurak azaldu zituen Iratxe Aranburu kirol teknikariak:

  • Bakoitzaren beharren araberako abonu mota: igerilekua, lehorra edo biak. Familiarra, ikaslea, jubilatua, sarrera gutxikoak...
  • Instalakuntza erabilera doan. Asteko alokairuak doan.
  • Ikastaroetan deskontuak.

Dossierra etxeetan

Kirola zeureganatu kanpainaren gaineko xehetasunak, herriko etxeetan banatuko dituzten informazio orrietan izango duzue. Izan ere, 2008ko kirol eskaintza osoa dakarren dossierra, kiroldegiko ordutegia dakarren beste bat, eta osasuna oparitu delako eskaintzaren gaineko informazioa ere banatuko dituzte etxez etxe. Aipatutako azken honek, Osasuna oparitu delako eskaintzak hain zuzen ere, kiroldegian urte osorako harpidetzeko aukera eskaintzen du. Opari bikaina gabonetan maite ditugunei egiteko eta osasuna oparitzeko. Esan bezala, informazio hau guztia, etxez etxe banatuko dute datorren astean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak