Kirol aholkularitza zerbitzua jarriko dute martxan etzi Musakolan

Mirian Biteri 2010ko ots. 1a, 10:52
Arrasateko Udalak zerbitzu berria jarriko du martxan asteon, Musakolako kiroldegian: kirol aholkularitza zerbitzua, hain justu ere. Horren helburua da aholkularitza ematea kirola praktikatzen hasi nahi duten baina zer kirol mota egingo duten erabaki barik dutenei zein jarduera berriak ezagutu nahi dituzten kirolariei.

Astean behin eskainiko dute zerbitzu hori: eguaztenetan, 11:15etik 11:45era eta 18:00etatik 18:30era bitartean. Interesatuek aurretik hartu beharko dute txanda, 943 77 16 77 telefono zenbakian edo aukea@arrasate-mondragon.net helbide elektronikoan.

Kirol ekintzen arduradun Nuria Rodriguez izango da, eguaztenetik aurrera, aholkulari lanak emango dituena. Haren esanetan, "bereziki jendea bideratu nahi dugu. Behar hori ikusi dugu. Batzuk etortzen dira galdezka zerbait egin nahi dutela eta ez dakitela zer. Horren harira, bakoitzaren beharra kontuan izango dugu. Kaloriak erre edo argaldu nahi duenari, esaterako, spinning egiteko gomendatuko genioke; indarra lortu nahi duenari, berriz, pilates edo body pump". Horrekin batera, kirol jardueren eskaintzaren berri emateko ere balioko du. Rodriguezen arabera, "badago jendea jarduerak ezagutzen ez dituena. Gaur egun, kiroldegian 15 jarduera eskaintzen ditugu".

Irailean, oso emaitza onak

Behar horretaz jabetuta, joan den irailean, ikasturte hasieran, aholkularitza zerbitzu horren harrera neurtzeko proba pilotua egin zuten. Kirol ekintzen arduradunak nabarmendu du "arrakasta" lortu zuela horrek: "Orain dinamika hori sartu nahi dugu, jendeak jakin dezan zerbitzu hori dagoela eta nahi izan ezkero, hara joateko ohitura har dezan".  Irailean egindako proban askotariko jendea joan zela ere azaldu digu: "Denetarik etorri zen, baina, bereziki emakumeen artean oso harrera ona izan zuen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak