Katuak Ondo Bizi elkartea (Kaonbi) elkartea aurkeztuko diote udal gobernuari

Ubane Madera 2008ko abe. 19a, 09:38
Gabonen inguruko jai egunek ohiko jarduna aldrebesten dutenaren seinale da Arrasateko udal gobernuak astelehenean barik, gaur, egubakoitza egingo duela asteroko batzarra.

Eta gainera, gai mordoska landuko dituztela iragarri dute. Tartean, adibidez, katu kontuak berbagai izango dituzte gobernuko kideek. Izan ere, Kaonbi (Katuak Ondo Bizi) izeneko elkartea aurkeztu behar dute. Izenak esaten duen moduan, aurrerantzean Arrasaten dauden kaleko katuen kolonien ongizatearekin eta haien kontrolarekin arduratuko den taldea da hori.

Obra kontu ugari ere iragarri dituzte gaurko batzarrari begira. Adibidez, udalerrian oztopo arkitektonikoak kentzen jarraitzeko 2008. urteari dagokion proiektuko obrak adjudikatuko dituzte; Uribarri, Iturripe, Uribe, eta Anboto kaleko ur eta saneamendu zerbitzuak berritzeko obrak adjudikatuko dituzte. Eta beste obra pare bat aipatzearren, GI-627 errepidean zorua konpontzeko obrak egin behar ditu Diputazioak eta Laubide plazako zoladura birjartzeko asmoa dauka Udalak.

Bestelako gaien artean, berriz, pare bat hitzarmen izango ditu udal gobernuak mahai gainean: bata ASPACE elkartearekin sinatzekoa eta bestea Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatzekoa.

Eta Kultura eta euskara gaien artean, aztertuko dute, adibidez, Arrasateko Udal Bibliotekan auto-mailegu zerbitzua bideratzeko beharrezko ekipamendua erosteko aukera; eta itzulpen kontuekin arduratzen den Arrasateko Goihata enpresak laguntza eskatu dio Udalari euskara-japoniera hiztegia eguneratu eta mantentzeko.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak