Katu-guneak garbiago, Kaonbiri esker

Ubane Madera 2010ko urt. 22a, 17:53
66 katu antzutu dituzte Arrasaten, gehienak emeak, baina baita ar batzuk ere. Horrez gainera, 41 katakume eman dituzte adopzioan. Eta une honetan katutxo bat ospitalean dute. Horiexek dira Kaonbik, Arrasateko katuen lagunen elkarteak Arrasate Irratiari emandako datuetako batzuk.

Xehetasunei begiratuta, jakinarazi dute, adibidez, adopzioan emandako katutxo asko Arrasatetik kanpokoek hartu dituztela: Bergara eta Oñatiko bizilagunek adibidez, baina baita Irun, Donostia edo Iparraldeko batzuk ere.

Era berean, azpimarratu gura izan dute adopzio eta antzutze lanei esker, Arrasateko katu-guneak garbiago sumatzen direla dagoeneko. Katuendako etxolatxoak ere ipinita dituztela gogora ekarri dute, adibidez, Erguin, Makatzena eta Gazteluondon. 

Zenbaki berria

Horrekin batera, jakinarazi dute telefono zenbaki berria dutela aurten, beraz, edozein harremanetarako honako zenbaki honetara deitu beharra dagoela: 696 28 70 59. Era berean, jakinarazi dute dagoeneko ordaintzen has daitekeela 2010ari dagokion kuota: 20 euro urtean. Euskadiko Kutxan kontu korrontea dute horretarako. Gaur egun Kaonbi elkarteak 51 bazkide ditu, baina ateak zabalik daude elkartearekin lan egin gura duen edozeinendako.

Horixe, beraz, elkartea sortu zenetik gaur egunera arte egin duen lanaren emaitza. Iaz sortu zuten elkarte hori Arrasaten, ikusita geroago eta katu gehiago dagoela kaleetan, eta baita ere, katuen kontrako erasoak ugaritzen zebiltzala. Katuak Ondo Bizi esan gura du elkartearen izenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak