Kataluniako hankapaloak eta SUDCen sardina, besteak beste, arratsaldean

Ubane Madera 2009ko ots. 24a, 16:36
Gaur Aratuste Martitzena da, bihar Garizuma hasten da-eta, Aratuste jaien jatorria. Gaur arratsaldean Aratuste jaialdiak egingo dituzte Arrasateko ikastetxeetan, eta arratsalde-gau partean, herriko kaleetara aterako dira mozorroak. Besteak beste, 23:30ean erreko dute SUDC elkarteak egindako sardina, sei metro luze dena.

Herriko ikastetxeetan lehenengo, eta gero, 16:30ean hasita, udalerriko kaleetan ibiliko dira neska-mutikoak Aratuste Martitzena den honetan. Txatxilipurdi elkartearen eskutik, 16:30ean mozorro desfilea egingo dute-eta, plazan hasita.  17:00etan, berriz, Hipo eta Tomax pailazoekin dute hitzordua, Amaia Udal Antzokian, lau urtetik gorako umeek.

Kaleak alaitzeko, hiru kalejira

Eta hortik aurrera, kalejiren txanda izango da. Hasteko, 17:30ean aterako da Samasiku txaranga. 18:00etan, berriz, kalejira berezia egingo du Kataluniatik datozen musikari hankaluzedun talde batek, Funky a l'olla izeneko taldeak. Eta 19:00etan, berriz, etxekoak aterako dira, Arrasate Musikaleko banda eta balleta, hain zuzen ere; jakina, haiek ere mozorrotuta, baina ezin esan zela.

Behin hankak berotuta, dantzan segitu gura duenak Egan taldearen dantzaldira joateko aukera dauka, 20:00etatik 21:30ak arte. Gero, afalostean segituko dute, 22:30ean.

Segizioa eta hileta

Aratuste gauarekin (eta orokorrean, Aratusteekin) bukatzeko, 23:30ean Sardinaren hileta egingo dute; kasu horretan, SUDC elkarteak hartuko du txanda. Azken urteotan moduan, elkarte horretako kideak arduratu dira gaur erreko duten sardina egiten. Luis Arkauzek, SUDC elkarteko kideak emandako xehetasunen arabera, sei metroko "arraina" da gero erreko dutena, SUDCko lau lagunen artean, hamar egunean egin duten sardina. Kontatu digu aurten ez diotela izenik ipini sardinari.

Segizioari dagokionez, eskatu dute herritarren partaidetza izatea. 23:30ean Nafarroa etorbidetik aterako da sardina plazara eramango duen segizioa. Eta txarangak lagunduta, erdialdeko kaleetan ibili ondoren, Herriko Plazan bukatuko dute desfilea, sua eman, sardina erre eta Aratusteak datorren urtera arte agurtzeko.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak