Kanpatorpeko galtzada-harriak salgai, irailaren 15era arte

Ubane Madera 2009ko uzt. 23a, 10:38
Kanpatorpeko eta pareko aldapatxoko zorua aldatu egin behar dute, eta handik kenduko dituzten galtzada-harriak birziklatzea da Arrasateko Udalaren helburua. Erosteko interesa duenak eskaintza egin beharko dio Udalari.

Kanpatorpea kalearen eta pareko aldapatxoaren, Iturriotz kaleraino iristen denaren zorua aldatu egin behar dute. Gaur egun dauden galtzada-harriak kendu eta gainerako gune historikoarekin armonizatzeko egokiagoa den zorua ipiniko dute. 

Ba horren harira, Arrasateko Udalak iragarri gura du handik behar dituzten hormigoizko galtzada-harriak salgai ipiniko dituela, birziklatzea bultzatzeko.

Edozeinek eskuratu ahal izango ditu harri horiek, Udalari eskaintza eginda. Hau da, norberak ipini beharko die galtzada harriei ustez egokia den prezioa. Irailaren 15era arteko epea dago horretarako.

Lehenago ere egin dute

Arrasateko Udalak lehenago ere eginda dauka halako zerbait. Hain zuzen, 1999an, herriko gune historikoko obrak egin zituztenean ere salgai ipini zituzten galtzada-harriak, eta saldu ere saldu zituzten.

Bestalde, San Juan parrokia inguruan obra egin behar dutela aprobetxatuta, beste obra batzuk ere egingo dituzte. Adibidez, argiteria berrituko dute eta hainbat saneamendu lan egingo dituzte. 

Eliza hobeto argiztatu

Argiteriari dagokionez, dekorazio kontuak daude tartean. Udaleko Obra Sailetik emandako xehetasunen arabera, besteak beste, San Juan parrokiaren fatxada argiztatzen duten argietako batzuk ordezkatu egingo dituzte. Hain justu, fatxadatik kendu eta haien partez argi islatzaileak ipini gura ditu Udalak, posteetan. Modu horretan, argiztapena "hobetzeaz" gainera, udalerriko erakunde nagusiak hobeto argiztatu gura du Arrasatekoa den monumentuetako bat: eliza.

Obra osoarendako 100.378 euroko aurrekontua eta bi hilabeteko epea zehaztu du Udalak.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak