Hil bakoitzerako kontzertu bana antolatu dute. Hiru talde, eta hiru proposamen ezberdin: Valladolideko Arizona Baby taldearen akustiko rockeroa, Ruper Ordorikaren kantu berrien goxotasuna eta Anariren sakontasuna. Lehenak etortzen Arizona Babykoak izango dira; urtarrilaren 22an joko dute, 20:00etan.
Akustiko rockeroa
Taldearen izena erabat amerikarra bada ere, Arizona Baby Valladoliden sortu zen 2003. urtean. Ruben Marronek –gitarra– Javier Vielbak – ahotsa, gitarra eta ukelelea– eta Marcos Ubedak –perkusioa– osatzen dute hirukote berezia. Lehenengo lana, Songs to Sing Along izenekoa, 2005ean kaleratu zuten. Handik gutxira Londresera egin zuten alde, eta bertan hamaika emanaldi eskaini zituzten, hiriburuko zenbait pubetan ohikoak bihurtzeraino. Greziako Pelekas Street Beat festibalean hartu zuten parte, eta 2007ko Norterrock jaialdian Gaztela Leongo talderik onena izendatu zuten. Gero, Puerto de Santamarian, lan berri bati ekin zioten. Horren fruitua da Paco Locok ekoiztu duen Second to none diskoa, 2009an kaleratua. Disko horrekin datoz Amaia antzokira.