Kale-katuen koloniak kontrolatzeko moduak berraztertzen dabiltza

Jon Berezibar 2008ko uztailaren 16a

Uztailaren hasieran jakin genuen Arrasaten azkenaldian katuen ugalketarekin lotutako kexuak aurkeztu dituztela Udalean. Eta kexuei erantzunez, besteak beste, adibidez, Aldai auzoan katu harrapaketa bat ere egin zuten ekainean, Udalak kontratatutako Elorrioko Zaunk enpresaren bitartez. Katu harrapaketa egin ostean, Zaunk enpresak sakrifikatu egiten zituen. Patxi Arburuak, Obra eta Zerbitzu Saileko arduradunak jakinarazi du gai hori berraztertzen dabiltzala. Baina gaineratu du dagoeneko egin dutela zerbitzu horri dagokion aldaketa bat.

Hain justu ere, aldatu egin dute katuen harrapaketaz arduratzen zen enpresa. Emandako xehetasunen arabera, jakin izan dute Zaunk enpresak katuak harrapatu eta berehala akabatu egiten zituela, Arrasateko Udalarekin zuten hitzarmenean zehaztutako hilabeteko epea errespetatu barik.

Hori ikusita, Udalak utzi egin du Elorrioko enpresa eta Bergarako Elur enpresa kontratatu du katuez ardura dadin. Sei hilabeterako konpromisoa hartu du Elur enpresarekin, katuen ugalketari zela aurre egin aztertzen duten bitartean.   

Ezker Batuaren kexua

Ezker Batua Zutik koalizioak salatu egin du gaur egun katu ugalketari aurre egiteko Arrasateko Udalak erabiltzen duen metodologia. Ander Rodriguez koalizioaren bozeramaileak katuendako tratamendu etikoa eskatu du eta salatu du gure erosotasunerako hiltzen ditugula. Hori horrela, gaur egun Udalak erabiltzen dituen bideen aurrean, irtenbide alternatiboa proposatzen dute: dauden katuen koloniak kontrolatzea, izan ere,  eransten duenez,  katuek inguruko oreka biologikoan lagundu egiten dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak