Eta badituzte bai gaurko gai zerrendan, hainbat gai aztertzeko azken hilabeteotan behin baino gehiagotan aipatu ditugunak. Adibidez, Garagartzako ortu ekologikoak egiteko egitasmoan aurrerapausoa emango dute gaur, ortu horiek egokitzeko obrak adjudikatuko dituzte-eta.
Horrekin batera, adjudikatuko dute, baita ere, Arrasaten arrisku egoeran dauden gazte eta adingabekoendako gizarte heziketa zerbitzua. Udaleko Gizarte Ongizate eta Gazteria Sailetatik abiarazi gura duten zerbitzu berria da hauxe. Helburua, berriz, oro har, honako hauxe: "Nerabeek izan ditzaketen zailtasun eta arazoak identifikatu eta horiei konponbidea emateko bitartekari lana; nerabeen interesak, motibazioak… ezagutu, nerabeei haien gustuko ekimenak gauzatzen lagundu eta herri mailako baliabide eta ekipamenduekin zubi lana egin eta herri mailan nerabeei zuzendutako baliabide eta zerbitzuak nerabeen beharretara egokitzeko proposamenak bideratu".
Eta bestelakoen artean, gaur adjudikatuko dituzte, baita ere, batetik, udal azoka birmoldatzeko irtenbideak aztertzeko ikerketa eta bestetik, Kulturateko pintura ikastaroak.
Adjudikazioen gainera, baina, bestelakorik ere landuko dute gaurko batzarrean udal gobernuko kideek. Pare bat gai aipatzearren, Markulete aldera begira ipiniko dira, erabakitzeko zer egin behar duten Aramaio errekan dagoen zubiarekin.