Kale, biribilgune eta eraikin berriak egingo dituzte Zalduspen

Ubane Madera 2009ko otsailaren 11

Ospitale ondoan dagoen fabrika-gune txikia berriro ordenatu edo beste era batean antolatu gura du Udalak. Bada, asteon onartu dituzte antolaketa hori egiteko errespetatu beharreko irizpideak. Adibidez, Asmobi fabrika izan ezik, gainerako negozioen pabiloiak bota egingo dituzte.

Udalak asteon onartu dituen irizpideen arabera, dezente eraldatuko da etorkizunean ospitale ondoko ingurua. Hasteko, bota egingo dituzte Lasaren pabiloi zaharra, gaur egun Udalarena dena; eta baita ere inguruko bestelako pabiloi batzuk, adibidez, Pazi-Olarena, autoen konponketarako garajea duen pabiloia edo iturgintza eta aroztegi negozioak dituzten pabiloiak. Asmobi fabrika, berriz, gune horren bazter batean dagoen fabrikaren pabilioia ez dute botako.

Era berean, gaur egun pabilioi horien parean dauden aparkalekuak kendu egingo dituzte; izan ere, labur esanda, Udalaren helburua da partzela hura guztia beste modu batean ordenatu. Hori horrela, batetik, kale berria egingo dute han. Biribilgune berria ere bai. Eta baita eraikin berri bat ere.

Bide-gorria, kalearen paralelo

Xehetasun gehiago emanda, kale berria egingo dute ospitalea eta fabrika-gunea banatzeko. Nafarroa etorbidetik izango du sarrera kale horrek, hain justu ere, biribilgunea eraikiko dute Nafarroa etorbidea kale berriarekin lotzeko. Eta era berean, Musakolatik datorren bide-gorriak, egurrezko zubia zeharkatu ostean datorrenak, jarraipena izango du kale berri horren paralelo. Horrela, Nafarroa etorbidetik sartu eta ospitale gunearen atzeko parteraino iritsiko dira kalea zein bide-gorria.

Eta kale berriaren paralelo, baita ere, eraikin berri bat eraikiko dute; planta horizontala izango du eta helburua da jarduera ekonomikoetarako erabiltzea, parke teknologiko txiki modura.

Esandako moduan, horixe da oraingo asteko Tokiko Gobernu Batzarrak zehaztu duena. Dena den, aurreneko pausoa besterik ez da. Hau da, proiektua ez dago eginda, eta jakina, obra gauzatzeko aurrekonturik ere ez dute zehaztu. Bestela esanda, obra hori hasi baino lehen beste hamaika pauso eman beharko ditu Udalak.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak