Juan Luis Arkauz eta Andoni Altzelai: "Irailean hasiko gara danborradaren 50. urteurrenerako zerbait berezia prestatzen"

Ubane Madera 2010ko uzt. 9a, 10:50
Joan berri diren sanjuanetan herritar asko ibili da lanean ezkutuan, eta musu-truk. Hori da, esaterako, SUDC elkarteko batzarra osatzen duten sei lagunen kasua. Datorren urtean 50 urte izango dira, adibidez, danborrada antolatzen dabiltzana. Halakoak eta beste galdetu dizkiegu Juan Luis Arkauzi, SUDCeko presidenteari eta Andoni Altzelairi, hamar urteotan presidente izan denari.

Lanpetuta ibili zarete, ezta?
Apur bat bai, baina bukatu da guztia behar den moduan, eta oporrak hartzeko gertu gaude. Baina bai, SUDCendako maiatz bukaeran hasi eta ekaina amaitu artekoa da urteko lanik gogorrena. 

Gogorrena eta jendetsuena.
Ba, bai. Erretiratuen Egunean batzen dira 800-900 bat lagun, eta lehenago hasi behar izaten dugu txartelak saltzen, saltokietatik bueltaka… Danborradetan, berriz, karrozak egin behar dira, entseguak, umeei jantziak eman eta hartu… Hor 300 bat neska-mutiko batu izan dira. 

Danborraden harira, datorrena urteurren borobila, ezta?
Bai. 50 urte goaz danborradak egiten. Horrekin lotuta, irailean hasi behar dugu zerbait prestatzen. Jendeari deituko diogu ideiak hartzeko, lanak banatu… Gura dugu zerbait handia egin, zerbait berezia. Karroza enblematikoak…  

Herriko beste ekitaldi esanguratsu batzuk ere antolatzen ditu, baina, SUDC elkarteak…
Hasten gara Inauterietan: sardina egin (guk geuk) eta egunean bertan txaranga ekartzen dugu eta gero sardina erre. Begira, justu sanjuanetan hil egin da Crisanto Margusino, hark egin izan du sardina 30 bat urtean-edo. Langile ona zen, benetan ona.
Aste Santurako antolatzen dugu doke txapelketa. Orain hiru urte kentzekotan egon ginen, oso parte-hartze txikia zuelako. Beste urtebetean eutsi genion, eta 8-10 bat etorri eta poztu egin ginen. Baina iaz porrot totala izan zen; aurten 6-8 etorri dira, baina azkenean erabaki dugu kentzea. Dena den, dokea ez uztearren, beste zerbait antolatzea pentsatzen gabiltza. Adibidez, proposatu behar dugu emakumeen dokea egitea. Doke txapelketa historikoa da Arrasaten, eta ez dugu utzi gura. 

Egiten dugu, baita ere, elkarteen arteko mus txapelketa. Sasoi batean egubakoitzero izaten ziren partidak, baina bi hilabete eta erdi irauten zuen, eta azkenean erabaki zen mus txapelketa azkarra antolatzea, 4-5 ordukoa. Hori ere maiatzean egiten dugu.
Eta Arrasateko Akordeoi Lehiaketak ere guk antolatzen ditugu (abendu hasieran).Hor, adibidez, 5-6 egunean a tope ibiltzen gara. Bazkari eta afariak egunero ematen dizkiegu. Azkeneko egunean, adibidez, lunch-era 140 lagun joaten dira. Txalaparta elkartean egoten gara prestatzen… Eskerrak koadrilako lauzpabost lagunek laguntzen duten…
Bestalde, orain hiru bat hilabete beste ekimen bat ere sortu zen: Arrasaten badaude sei bat erretiratu elkarteetara euskara sartu gura dutenak; txartelak, estatutuak… euskaraz ipini eta halakoak. Gertu daude lanerako, borondatez. Etorri ziren hona, 14 elkartek eman zuten izena, eta harrezkero, bi hiletik behin batzarra egiten dute, euskara elkarteetan zelan sartu aztertzeko.  

Kontuan hartuta SUDC dela Arrasateko elkarte gastronomikoak batzen dituen elkartea, zelan iritsi da halako ekitaldiak antolatzera?
Aspaldiko kontuak dira, batzuek 50 urte baino gehiago dute. Hasieran SUDCen lau elkarte ziren: San Isidro, Udalpe, Danok Bat eta Casino (hortik izena: SUDC). Badirudi lehenengo danborrada lau elkarte horiek antolatu zutela. Oso danborrada txikiak ziren, Udalpe, Casino… atera ziren, baina handitzen joan zen. Nik gogoan daukat, bestalde, Erretiratuen Eguneko bazkaria Fagorko biltegian ematen zutenekoa. Erretiratuen Eguna bera ere orain dela 47-48 urte hasi ziren antolatzen. Pentsa, SUDC elkarteak berak 60 bat urte edo gehiago izango ditu.

Zenbat lagunek osatzen duzue SUDC?
Sei lagun gaude batzordean, modu boluntarioan egiten dugu lan. Erreleboa datorrenean hartuko dugu. Adibidez, Andonik 10 urte egin ditu presidente, eta neuk laster hiru; lehenago, baina, nire elkarteko (Txalaparta) ordezkari izan nintzen 10 bat urtean. Onena litzateke lau urtean behin berritzea karguak, baina… Ea, ba, jende gaztea animatzen den. 
Gero elkarte bakoitzak ordezkaria dauka hona bidaltzeko, eta, adibidez, abenduan egiten dugu batzar nagusia guztiekin.  

Batzordeko guztiak zarete, baina, gizonak…
Badakizu, orain arte elkarteetan ez da egon emakumerik; orain, baina, Arrasaten badago elkarte bat haren presidentea emakumea dena: San Isidro elkartea. Eta Txalaparta elkarteko batzordean ere egon izan dira andreak.

Berritasunen bat baduzue datorren urteari begira?
Danborradaren urteurrenaz gain, lokal bat aldatu dugula. Karrozak, sardina-eta egiteko erabiltzen dugun lokala lehengo Gameiren aldamenean dago orain.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak