Joxepa Arregiren errautsak zabaldu dituzte Zabalaundin

Mirian Biteri 2010ko uzt. 11a, 21:32
Jesus Mari Zabarte 'Garratz' euskal preso politikoaren ama eta Etxerat elkarteko ohorezko lehendakari Joxepa Arregi arrasatearraren errautsak aireratu dituzte gaur, domeka, Anbotosten. Ehun lagun baino gehiago elkartu dira ekitaldian.

Hitzordua 09:00etan jarrita zegoen, Arrasaten. Batzuk autoz joan dira Aramaioko Etxaguen auzoraino eta handik oinez gora, Zabalaundi inguruneraino. Beste batzuek, bitartean, nahiago izan dute Arrasate eta ekitaldia egin zen tokia arteko ibilbidea menditik zehar oinez egitea; eta lur orotako ibilgailuan igotakoak ere izan dira.

Ekitaldi hunkigarria

Modu batean edo bestean, 11:30ean, 100 lagunetik gora elkartu dira Zabalaundin. Arregiren omenez egindako ekitaldia xumea baina hunkigarria izan da. Bost lagunek aurreskua dantzatu ostean, Garratz semeak idatzitako gutuna irakurri dute eta horrekin amaitzean, Amaia Gabilondok egindako olerkia entzuteko aukera izan dute han bildutakoek. 

Horretaz gain, maiatzaren 26an Arregiren omenaldian Jon Maia bertsolariak botatako bi bertso abestu dituzte, eta jarraian, Etxerateko ohorezko lehendakaria izandakoaren errautsak aireratu dituzte. Ekitaldia Arregik horrenbeste aldiz abestu zuen Eusko Gudariak kantuarekin amaitu da.

91 urte

Arregi Arrasaten hil zen, maiatzaren 24an, 91 urte zituela. Handik bi egunetara horren aldeko hileta elizkizuna eta lehen ekitaldia egin zuten. Semeak ez zuen horretan egoterik izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak