Joxean Izaren obra grafikoa ikusgai dago

Mirian Biteri 2008ko azaroaren 10a

Joxean Iza artista bergararraren erakusketa ikusgai da barikutik Maala kaleko Arregi dendan. Erakusketa informala da, kalekoa, bertatik paseatzen ari den herritarra harritzen duen horietakoa.

Artistak jakinarazi duenez, erakusketa "solasaldi bat" bezala planteatzen du: "aretoa bera nahiko informala da, galeria baten seriotasunetik urrun dago. Hala, askeago sentitzen naiz erakusketa hau eskaintzerako orduan".

Bere ibilbidean zehar margo lan, eskultura eta grabatu klasikoak egin ditu Izak, baina egun mundu digitalean murgilduta dabil Iza. Obra grafikoak egiten ari da: papera du euskarri eta inpresio digitala langai.

Arregi aretoaren itzulera

Ez da Guggenheim, baina goi mailako artistak pasa dira bertatik. Iñigo Arregi orain dela bi urte inguru hasi zen bere Maala kaleko dendan formatu txikiko erakusketak antolatzen. Arregi bera ere artista izanik, mundu horretako hainbat lagun ezagutzen ditu; eta lagun horietako asko  bere txokotik pasa dira. Hala, luzea da Arregiren txokoan erakutsi duten artisten zerrenda: besteak beste, Juan Luis Goenaga, Aitor Lazarain, Ramon Perez eta Fernando Biderbosten –Gabonetan ere erakutsiko du bertan– lanak ikusgai izan dira azken  hiru urteetan.

Hala ere, Iñigo Arregik azkenaldian ezin izan du bere txokoan erakusketarik antolatu. Izan ere, alde batetik bestera ibili da bere saltsan: erakusketa han, mintegia hemen. Eta ez hori bakarrik: publikoari begira  eskultura obra bat egiten ere ibili da, buru-belarri. Elorrioko Eroskiren egoitza nagusian ipini du monumentua, hain zuzen.

Etenaldiaren ostean, baina, "kanpaina berri bati hasiera emateko gogoz" dabil Arregi. Eta artea herritarrari gertutik erakustea helburu duen zikloa Joxean Izarekin hasiko da. Aukera paregabea, beraz, goi mailako artelanak gertutik eta doan jarraitu ahal izateko.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak