Milioi bat euro
Playa de Bakio izeneko atunketariko tripulatzaileak askatzeko negoziazioek aurrera jarraitzen dute. Espainiako Gobernuko ordezkariaren, atunketariaren jabe Pevesa enpresaren ordezkarien eta itsaslapurren ordezkariaren arteko hartu-emana hasi da. Une honetan itsasontzia Gaan-eko itsasportuan dago. Efe agentziak emandako informazioaren arabera, itsasoz bakarrik joan daitekeen herri horretan egingo dituzte negoziazioak.
Bestalde, Mogasdiscion dago, Somaliako hiriburuan, Espainiak Kenyan duen enbaxadore Nicolas Martin Cinto. Horren harira, bertako agintari eta lehen ministroarekin hartu-emanetan jarri da marinelak askatzeko prozesua arintzeko. Gainera, Mendez Nuñez Espainiako Armadako fragata Somaliako uretan dagoen atunketaritik oso gertu ei dago.
Bermeoko ontzia bahitu zuten piratek, ustez, milioi bat euro eskatu dute tripulatzaileak askatzeko. "Hasieratik garbi utzi zuten beraien asmoa dirua eskatzea zela. Baina nik ez dakit hori izan den eskatutako kopurua", esan digu Joxe Mari Aranak. Atzo goizean egin zuten berba familiakoek Eusko Jaurlaritzako eta ontziaren jabea den Pevesa enpresako ordezkariekin, eta negoziazioak hasi direla esan zieten. "Ez dakigu zein puntutan dauden, baina hasi direla ematen du. Ez dakiguna da noiz bukatuko diren. Bitartean, nik nahiago dut ahal den gutxien jakitea", esan digu, "dena den, esan digute ez dutela indarkeria erabiliko bahituak askatzeko, eta horrek, behintzat, asko lasaitzen gaitu".
Dena den, Mikel Aranaren gainean etxera iristen den informaziorik fidagarriena haren anaia biki Josuk emandakoa da. "Josu Elay Alai atunketarian dago. Harekin egunero egiten dugu hartu-emana Internet bidez. Horren harira, badakigu Josu Tanzania aldean dagoela. Ez dago Mikelen ontzitik oso gertu, baina berririk fidagarrienak berak ematen dizkigu".
Mikelek Playa de Bakio-n praktikak egin behar zituela esan zuenean, inguru horietan dauden arriskuaz egin zuen berba etxean. "Bagenekien itsaslapurrak ibiltzen zirela. Baina, uste genuen Jakarta eta Indonesia aldean ibiltzen zirela", esan digu Aranak.
Arazo horren harira, Atunontzi Izozkailuen Armadoreen Elkarteak (ANABAC) esan du behin eta berriz salatu duela Somalia aldean ontziek bizi duten egoera. Oraingoz, baina, ez diote arazoari irtenbiderik eman.
Puntland eskualdekoak
Apirilaren 20an, domeka, bahitu zuten Playa de Bakio atunketaria, Somaliako kostaldetik 250 miliatara zegoenean. Hain zuzen, Puntland eskualdean bizi den gatazkatik zetozen itsaslapurrek bahitu zuten untzia. Hasiera batean, lau pirata igo ziren ontzira, baina poliki-poliki hamar elkartu dira. Bahitutakoek hasieratik esan dute "tratu ona" jaso dutela piratek aldetik.
Mikel 'Playa de Bakio' atunketarian, eta Josu, anaia bikia, 'Elay Alai'-n
Arrasatearrak dira biak, baina lanbidez marinelak dira. Familiak Ajon (Kantabria) duen etxean ordu asko pasa ondoren erabaki zuten karrera hori egitea. Bahiketaren momentuan, Mikel Playa de Bakio atunketarian praktikak egiten zegoen makinen arduradun modura. Horren harira, martitzenean bukatzen zituen lau hilabeteko praktikak. Bahiketa baino hamabost egun lehengo bi anaiek elkar topo egin zuten, eta berba egiteko aukera izan zuten. Josu Elay Alai atunketariko lehen ofiziala da.
Iaz, piraten 263 erasoaldi egon ziren, gehienak, merkantzia-ontzietan
Piraten istorioak ez dira aspaldiko kontuak. Iaz, 263 erasoaldi egon ziren, eta 2006an, 239. Bahitzaileek erasoak, gehienbat, munduko lau zonaldetan ematen dira: Karibe aldean eta Hego Ameriketako Pazifikoan, Gineako Golkoan, Cuerno de Africa bezala ezagutzen den zonaldea, besteak beste, Itsaso Gorrian, Mogadiscion eta Monbasan; eta, Asiako hego-ekialdean. Gehienetan, merkantzia-ontziak bahitzen dituzte, baina, oporretan dauden itsasontzietan ere erasoaldiak egiten dituzte.
Euskal Herria, Galizia eta Afrikakoak dira bahitutako tripulatzaileak
Bermeko Playa de Bakio atunketariko 26 langileetako bost Euskal Herrikoak dira, zortzi Galiziakoak, eta, gainerako 15ak Afrikakoak, hain zuen, Ghana, Madagascar, Senegal eta Seychelleskoak. Mikel Arana arrasatearrarekin batera, Pasaiako Jaime Franciso Candamil; Gernikako Gotzon Clemos; eta Lekeitioko Juan Sesma eta Iñaki Lopez bahitu dituzte. Bestalde, Ignacio Abal, Jesus Albar, Amadeo Alvarez, Jose Manuel Baz, Angel Fernandez, Jesus Pillado, Antonio Rodriguez eta Candido Senra dira galiziarrak.