Des-kontrol: "Jotzeari uztea errazena eta tristeena litzateke; gu aurrera begira, gogotsu eta indarrez". Elkarrizketa gaur, eguena, GOITBko Magazinean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko urt. 27a, 23:18
Astebete eskas pasa da Des-kontrolek Barakaldon jaso zuen jipoitik. Albistea bolbora bailitzan zabaldu zen ahoz aho, eta Euskal Herriko komunikabide gehienek ere eman dute horren berri. Ordutik elkartasun mezuak barra-barra jaso ditu taldeak. Datu bat: erasoa eman eta 48 ordura facebook deritzon sare sozialean 1.000 lagun batu ziren taldeari elkartasuna adierazteko sortutako taldean. Eta kopurua gora doa, etengabe. • Taldeko kideetako bi Goiena Magazinean izango dira gaur, eguenz, zuzenean GOITBn, 19:45ean.

Hasteko, zer moduz zaudete?
Zauri batzuk agerian daude oraindik eta beste batzuk sendatu dira. Zauriak, baina, joango dira pixkanaka sendatzen. Hala ere, kolpe handiena psikologikoa izan da, egin digutena hor geratuko da betirako.
Markel izango da errekuperatzeko denbora gehien beharko duena, besoa apurtuta du-eta. Esan digutenez, hilabete inguru beharko dugu agertokietara bueltatzeko.

Erasoaren bortizkeria ikusita ere, beraz, Des-kontrolek ez dio musika egiteari utziko...
Planteatu ere ez dugu egin. Jotzeari uztea errazena eta tristeena litzateke. Gure azken diskoak dioen moduan, gu aurrera begira, gogotsu eta indarrez.

Salaketa jarri duzue, izen eta abizenekin. Zein sententzia da epailearengandik espero duzuena?
Ezagutzen ditugun sententzia bakarrak kontrakoak izan dira. Salaketa jarri dugu baina oraindik izen eta abizenen bila gabiltza; detektibe lanetan dihardugu. Lan horretan laguntzen ari diren lagunak ditugu Bilbo inguruan, eta gainera, lekuko moduan deklaratzeko gertu daudela ere jakinarazi digute.

Laguntzeko gertu duzuen jenderik ez zaizue falta, eta elkartasun mezuak barra-barra jaso dituzue. Zer duzue esateko?
Atzean jende asko dugun seinale da. Euskal Herri osoko jendea ari da elkartasuna adierazten. Elkartasun mezuak izugarri eskertzen dira halakoetan; aurrera egiteko indarra ematen digute.

Erasoaren berri lau haizeetara emateaz gain, pentsatu duzue beste zerbait egitea?
Plataforma bat sortzekotan gabiltza, musikaz haratago doan eragileengandik babesa jasotzeko. Hala ere, oraindik ez dugu ezer zehaztu; denbora aurrera doan heinean egingo dugu. Orain telefonoak ez dio jotzeari uzten...

Aspaldiko arazoa da Herri Norte taldearen barruan kokatzen diren skinhead gorri horiekin duzuena. Ikusten al diozue soluziobiderik?
Guk musika egiten dugu, besterik ez. Eurak gelditzen ez diren bitartean arazoa ez da konponduko. Hala ere, eraso honekin mugak hautsi dituzte, bertan hiltzeko moduko erasoa izan zen. Eta uste dugu jendea horretaz ohartu dela. Duela urte batzuk eurekin berba egiteko asmoa erakutsi genuen baina ez zuen ezertarako balio izan. Orain, noski, ez dugu eurekin berba egiterik nahi.

Euren eskuetan dago, beraz.
Arazoa konpontzeko urratsak ematen dituztela ikusi beharko da, Herri Norte taldearen barruan halako jarreren kontra dagoen jendea ere badago-eta. Enteratu garenez, euren artean hasi dira zenbait arazo sortzen.
"Oraingoan urrutiegi joan dira" dioen jendea dago, baina  erasotzaileak eurekin ibiltzen dira eta ez dute horien aurka ezer egiten. Eta horrela arazoa ez da konponduko.

Hilabete barru Des-kontrol agertokietan izango dugu. Noiz  eta non? Prestatu al duzue zerbait berezirik itzulerarako?
Otsailaren 20an Algortan jotzekoak ginen baina ikusi beharko da Markel ordurako jotzeko moduan egongo den. Espero dugu otsailaren 26an Leitzan eta 27an Elorrion jotzea, ordurako gertu egongo garela uste dugu.
Azkenik, itzulerarako ez dugu ezer berezirik aurreikusten oraindik, baina ikusiko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak