Josu Naberanek euskararen jatorriari buruzko bere teoria azaldu du

Goiatz Arana Begiristain 2008ko urt. 31a, 16:50
Arrasateko AED euskara elkarteak antolatua, euskararen jatorriari buruzko hitzaldia izan zen atzo Kulturaten, eta ikusmina sortu zuen; jende dezente batu zen bertan. Josu Naberan itzultzaile eta idazlea aritu zen azalpenak ematen, eta euskarak beste bi hizkuntzaren influentzia duela defendatu zuen.

Nondik dator euskara? izenburupean antolatu du hitzaldi zikloa Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteak, eta atzo izan zen lehen hitzordua. Josu Naberan idazle eta itzultzailea izan zen galdera horri erantzuten, arkeologia edota glaziazio aurreko eta ondorengo populazio mugimenduak oinarri hartuta, eta euskarak beste bi hizkuntzaren influentzia jaso zuela defendatu zuen. Alegia, euskarak 40 erro garrantzitsu baditu, 20 bertan sortuak direla, 10 Mediterraneotik jasoak, eta beste 10 kaukasiar-bereber jatorrikoak. Ondorio horretara iristeko, Josu Naberan aspaldi hasi zen leku izenak jasotzen.

Hala, euskararen sustrai batzuk oso zabalduta daudela defendatzen du idazle eta itzultzaileak: sasoi batean, euskara Europa Mendebalde osoan egiten zenaren ustea dauka eta Ekialdetik inmigratu zutenen hizkuntzak euskararekin topo egin zuela dio, aglutinazio bat sortuz.

Beste bi hitzaldi otsailean

Horiexek izan ziren atzo Kulturaten euskararen jatorriari buruz entzun ahal izan zirenak, baina AEDtik adierazi digutenez, teoria ezberdinak aurkeztea da asmoa. Horregatik, beste bi hitzaldi izango dira datozen bi eguaztenetan: otsailaren 6rako Martin Mendizabal Arantzazuko apaiza gonbidatu dute. Artxibo zibil eta erlijiosoetan arakatzen ibilitakoa da, eta toponimiari buruz ikertu du. Otsailaren 13an, berriz, Alfontso Martinez Lizarduikoak hartuko du hitza; euskal nortasunaren ikertzailea da bera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak