Jose Riviere, Gipuzkoako Erretiratu eta Pentsiodunen Elkarteko presidente

Ubane Madera 2010ko mar. 24a, 11:23
Arrasatear bat izendatu dute Gipuzkoako Erretiratuen eta Pentsiodunen Elkarteko presidente: Jose Riviere. Atzo hartu zuen kargua, Donostian egindako batzar orokorrean. Besteak beste, pentsioen eta garraioaren alde borrokatzeko asmoa dauka arrasatearrak.

Donostian egin zuen Gipuzkoako Erretiratuen eta Pentsiodunen Elkarteko urteko batzar nagusia, Londres hotelean; 190 lagunek parte hartu zuen, tartean Markel Olanok, Gipuzkoako Diputatu nagusiak, eta hantxe onartu zuten Riviereren hautagaitza elkarteko presidente izateko. Datozen lau urteotarako hartu du kargua, “lehenago aspertzen” ez bada, bere esanetan. 

Rivierek jakinarazitakoaren arabera, argi dauka lau urteotarako lan ildoa. Lehenengo eta behin, Gipuzkoako elkarteko zuzendaritza taldea osatu gura du arrasatearrak; “elkarteko estatutuen arabera hamabi lagunek osatutako taldea” izan arren, hamabi lagun ez daudela jakinarazi du Rivierek.

Pentsioen alde

Behin taldea osatuta, Gipuzkoako elkartearen izaera ere aldatu gura du. Bere esanetan, orain arte bakarrik aisialdiarekin lotutako ekitaldiak antolatu dituzte, eta elkartea hori baino gehiago izatea gura du Rivierek. Adibidez, pentsioen alde borrokatzeko asmoa du bestelako elkarte batzuetako ordezkariekin batera, “gutxieneko pentsioak” hobetu ditzaten lortzeko, oso txikiak direlako.

Garraio zerbitzuak

Garraio zerbitzuak ere jomugan ditu Rivierek. Gogora ekarri du urtetan asko hobetu direla, besteak beste, gure ibarrean; orain Donostiara joatea askoz ere errazagoa da, autobus zerbitzuak ospitale inguruetan geratzea ere lortu da, eta hori, “erretiratuen lanari esker” lortu dela dio Rivierek. Hala ere, azpimarratu du ildo horretan asko dagoela egiteko; adibidez, Arrasatetik Bilborako garraio zerbitzua eskasa dela uste du Arrasateko ordezkariak.

Hiru elkartetako presidente

Beraz, halakoak eta beste eramango ditu Gipuzkoako Erretiraten eta Pentsiodunen elkartearen mahai gainera Jose Riviere arrasatearrak. Eta nahikoa lan izango du esku artean. Izan ere, Gipuzkoako elkarteko gidaritza lana hartzeaz gainera, Debagoieneko elkarteen ordezkaria ere bada, eta baita ere Arrasateko Abaroa erretiratuen egoitzako presidentea. 


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak