Jose Maria Loitik eguen goizean deklaratu zuen Bergarako epaitegian Gelma auzia dela-eta

Ubane Madera 2007ko eka. 12a, 10:17
1997tik 1999ra Arrasateko alkate izan zenari leporatzen diote azken lau urteotan alkate izan den Inazio Lakuntzari leporatzen dizkioten hiru delitu berak: kohetxoa –funtzionario-eroskeria–, prebarikazioa –euren eginkizuna ez betetzea– eta diru publikoa bidegabe erabiltzea, Gelmako etxebizitzekin lotutako auziaren harira.

Abenduan, ezin

Berez, Jose Mari Loitik joan den abenduan deklaratu behar zuen inputatu moduan. Auzi horretako beste bi inputatuek, Inazio Lakuntzak eta Javier Guibertek, Obenerrekako enpresaburuak, (Gelmako etxeen promotorea) abenduan deklaratu zuten. Orduan, Loiti ez zen azaldu, eta ekainerako txanda eman zion epaileak.

Auzi horretan akusazio partikular moduan Ezker Batua alderdia dabil. Hala, abenduko jardunean lekuko moduan izan ziren alderdi horretako zinegotzi Ander Rodriguez eta Ines Aldai, EAJko zinegotzi izan ostean, Talde Mistora pasa zena.

Hala, Ezker Batuak adierazitakoaren arabera, joan den egueneko deklarazioan Loitik ukatu egin zuen Gelmaren eta Udalaren arteko negoziaketetan parte hartu izana.

Jose Maria Loitiri dagokionez, berriz, harekin harremanetan ipini arren, ez du nahi izan ezer deklaratzerik, eta ez ditu ez baieztatu eta ezta ukatu ere Ezker Batuak esandakoak.  

Grabazioak

Hori bai, Ines Aldai jarduneko zinegotziak hainbat elkarrizketaren grabazioak aurkeztu zituen froga moduan abenduan: Inazio Lakuntza alkatearekin, Luis Urkiza aholkulari ekonomikoarekin, EAJ barruan izandako elkarrizketa eta Hirigintzako teknikari buru Juan Antonio Urdangarinekin egindako elkarrizketak, besteak beste. EBren esanetan, horietako grabazio baten arabera, EAJko batzar batean grabatukoa, Loiti izan zen Gelma operazioaren ardura bere gain hartu zuena eta Guiberten eta EAJren artean zubi-lanak egin zituena.
Grabazio horien transkribapena egiten dabiltza orain.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak