Jose Mari Etxabe: "Azkar bizi den gizarterako lasaitasuna da tailagintza"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010eko urriaren 25a

Nafarroa etorbideko egoitza berrian "oso gustura" daudela dio Jose Mari Etxabe ARTE tailaginen elkarteko presidenteak (Arrasate, 1949). Ikasturte berria hasi dute; ateak zabalik dituzte edonorendako. Interesatuak dei dezala 620 174 255 telefonora.

Nondik datorkizu tailarako duzun zaletasuna?
Santamasetako artisau feria baten ezagutu nuen eta polita iruditu zitzaidan. Artisauekin harremanetan jarri eta hala hasi nintzen tailagintzaren munduan, duela 20 edo 21 urte.

Tailagintza ezagutzeaz bat sartu zinen ARTE elkartean?
Asko gustatu zitzaidanez denbora gutxira sartu nintzen orduan sortu berri zen ARTE elkartean. Izan ere, aurten 26 urte bete ditu elkarteak.

Ikasturte berria hasi duzue eta jendeari egin diezue gonbita. Zein ekarpen egin diezaioke tailak hasiberri bati?
Tailagintza ezagutarazi gura dugu herrian eta horretarako jendeak izena ematea beharrezkoa da. Slow mugimenduarekin harreman estua du. Azkar eta prisarekin bizi den gizarte honetarako lasaitasuna da tailagintza, pazientziaz jarduteko zaletasun bikaina.
Bi printzipio garrantzitsu ditu: aipatu dudan pazientzia batetik, eta kalitatea, bestetik. Izan ere, kantitatea baino kalitatea da garrantzitsua tailagintzan. Tailatzen ari zarenean ezin duzu artelanaren amaiera eguna zehaztu; lan bakoitzarekin lanak behar duen denbora pasako duzu, ez gehiago eta ez gutxiago. Arin joateak ez du emaitza ona esan nahi.
Harrera planik ba al duzue?
Hasteko, erremintak erakutsiko dizkiegu eta gero zenbait kontzeptu erraz irakatsi: egurreko beta eta kontrabeta zer den azaltzea, esaterako. Egur motak bereizten ere ikasiko dute, eta ikasitakoa praktikan jartzeko, kutxa bat egingo dute.  

Egoitza berrian zer moduz?
Lokala oso ondo dago, oso gustura gaude. Erguingo egoitzan ordutegia oso mugatuta genuen, bizilagunengatik. Zarata askotxo ateratzen dugu eta ulertzekoa da bizilagunen ezinegona. Orain, baina, askatasun handia dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak