Jose Luis Zumeta 'Oh! Bihotz!' erakusketarekin dator bihar Kulturatera

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko api. 29a, 17:17
Jose Luis Zumeta (Usurbil, 1939) artista ospetsuak erakusketa zabalduko du bihar Kulturaten: 'Oh! Bihotz!'. 38 serigrafiez osatutako erakusketa izango da eta artelanek San Juan de Dios ospitale psikiatrikoko gaixoek 1980ko hamarkadan idatzi testuak dituzte oinarri. Izan ere, 'baztertuen' sormenak pizten dio Zumetari artea egiteko gogoa. Artista eta haren alaba izango dira biharko aurkezpenean; 12:00etan izango da, Kulturaten. Erakusketa maiatzaren 30era arte egongo da zabalik.

Arrasaten 1980ko hamarkadan ezaguna egin zen Globo Rojo aldizkariko testuetatik abiatutako artelanak ikusi ahalko dira gaur hasi eta maiatzaren 30era arte, Kulturateko klaustroan. Izan ere, Jose Luis Zumeta artista usurbildarraren azken erakusketak, Oi! Bihotz!, Arrasaten egingo du geldialdia. Iaz estreinatu zen erakusketa eta ordutik hamaika geltoki izan ditu koloreen magoa-ren azken proiektuak. Erakusketaren aurkezpen ekitaldian Zumeta bera eta haren alaba egongo dira; Kulturaten izango da, 12:00etan. Arrasateko alkate Ino Galparsorok ere hartuko du parte ekitaldian.

Aita eta alabaren artean sortu dituzte erakusketako lanak. Lan bikoitza egin dute, hau da, Zumetaren artelanen serigrafiak liburu batean bildu dituzte batetik; argitalpen mugatua duen liburua da: 150 ale zenbatuta eta sinatuta. Liburuan ikus daitezkeen estanpekin osatu dute erakusketa. Eta bestetik, aitaren inspirazio-iturri izan diren San Juan de Dios ospitaleko gaixoen testuak jarriko dituzte erakusketako artelanak osatzeko asmoz. Gainera, testuok liburu baten ere jaso dituzte eta Kulturaten irakurri ahalko dira.

Baztertuen sormena, iturri
Ezberdinak eta baztertuak diren pertsonen sormenak bereziki hunkitu izan du Zumeta. Adierazi izan duenez, besteak beste, haurren lanak, kaleko graffitiak eta ikuspegi akademikorik ez duten jendearen obrak piztu izan diote artea egiteko gogoa.
1980ko hamarkadaren erdialdean izan zuen Zumetak Arrasateko San Juan de Dios erietxe psikiatrikoko gaixoen testuen berri, Globo Rojo aldizkariaren eskutik. Arrasaten nahiko ezagun egin zen aldizkaria; alde zaharreko taberna batzuetan dezente irakurtzen zen. Hala, testuok barruraino heldu zitzaizkion artistari eta eragindako gozamena eskertu guran, artelan bat bidali zien aldizkariaren arduradunei. Gero, Zumetak berak jaso zuen oparia: Globo Rojoren ale guztiak txukun-txukun bilduta. Bada, aldizkari bereziaren aleak eskuan eta alabaren bultzadarekin, proiektu berri bati ekin zion artista usurbildarrak. Emaitza, esandako moduan, maiatzaren 30era arte ikusi ahalko da Kulturateko klaustroan, martitzenetik domekara bitartean (17:30-20:30).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak