Jose Letona Bekaren helburua da Pedro Biteri Aranaren gaineko ikerketa historikoa egitea. Biteriren gainean hainbat biografia badago ere, bereziki azpimarratu nahi dituzte biografia horiek jaso ez dituzten aspektuak, adibidez: familiaren jatorria, ikasketak, negozioak, familiaren diru-ondasuna eta familiaren bizilekuak… Labur esanda, Pedro Biteri Aranaren inguruko giro pertsonal-familiarrari eta negozio giroaren gaineko informazioa batu gura du herriko erakunde nagusiak.
Horrekin guztiarekin lortu nahi dutena da ekarpen interesgarria egitea garai hartako historia ekonomikoari eta sozialari, lokalismoaren gainetik, eta Pedro Biteriri dagokion onespena ematea.
Deialdian parte hartu ahal izango dute jatorrizko eta argitaratu bako ikerketa proiektuak aurkezten dituzten pertsona fisiko edo juridiko guztiek. Lantaldea osatuz gero, ikerketa proiektuaren zuzendaria izendatu beharko du.
10.000 euro eta 12 hilabete
Bekaren diru kopurua izango da 10.000 eurokoa. Bekaren iraupena, berriz, gehienez izango da 12 hilekoa. Eskabideak BAZ Biztanleentzako Arreta Zerbitzuan entregatu behar dira 2008ko abenduaren 12ko 19:00ak baino lehen.
Epaimahai Kalifikatzailea osatuko dute beka zein proiekturi eman erabakitzeko. Besteak beste, epaimahai hori osatuko du alkateak edo alkatearen ordezko norbaitek, Jose Letonaren familiak izendatzen duen pertsonaren batek eta Eusko Ikaskuntzako ordezkariren batek.
Erabakia jakitera emango dute bi hileko epean, eskabideak onartzeko azken egunetik kontatzen hasita. Edozelan ere, epaimahaiak bete gabe deklaratu dezake beka, baldin eta uste badu aurkeztutako proiektuek ez dutela betetzen gutxieneko baldintzarik, kalitate aldetik. Lana jende aurreko ekitaldi baten aurkeztuko dute, Udalarekin erabaki eta koordinatuko dena.