Jonathan Perezek asteburu honetan Tenerifen jokatuko den Espainiako atletismo Txapelketan du hitzordua. Gogo askorekin doa bertara pertika modalitatean lan txukuna egiteko asmoz, eta aurten, pista estalian bosgarren tokian gelditu da.
Postu hobetu eta marka egin
"Asmoa bosgarren postu hori hobetzea edo nire marka pertsonala egin edo hobetzea da, horrekin konformatzen naiz, eta gero domina bat lortzeko aukera baldin badaukat ez diot muzin egingo", adierazi digu Perezek. Aurten 5.01 metroko altuera egin du salto, baina bere marka pertsonala 5.10 metro da. Espainiako txapelketa horretan parte hartzeko gutxieneko altuera 5 metro ziren, edo bestela Espainiako 12 lehenen artean sailkatzea. "Hala eta guztiz ere, beti sartu izan naiz lehen hamabien artean". Tenerifeko saiorako haizea egongo da, eta horretaz baliatu daiteke Perez: "Beste parte-hartzaileak haizearekin nahiko beldurtiak dira". Faboritoen artean, bi pertika-jauzilari daude Perezek esanetan: "Alde batetik, 5.45 metroko marka duen Igor Bychko ukraniar nazionalizatua, eta bestetik, marka berdina duen Alberto Martinez madrildarra". Bestalde, arazoak egon dira pertikak Teneriferaino eramateko ez baitziren hegazkinean sartzen, baina dagoeneko arazoa konponduta dago.