Itziar Lamarainek dio PSE-EE "gezurretan" dabilela

Ubane Madera 2008ko ira. 22a, 19:15
Alderdi sozialistaren salaketei gogor erantzun die Itziar Lamarainek, PPko Arrasateko ordezkariak. Beste ezer baino lehen, azpimarratu gura izan du alderdi sozialistak egindako salaketa biak gezurra direla.

“Lehenengo eta behin, Itziar Lamarainek mozio etikoari emandako botoa ez zen izan mozio hura aurrera ez ateratzeko arrazoia; begira dezatela beste nonbaitera”. Zera ere gaineratu gura izan du: “Itziar Lamarainek ez du sekula ANVrekin batera bozkatu arrazoi ideologikorik. Sekula ere ez. Eurek ere badakite hori”.

Bigarrenik, Talde Mistoaren sorreraren harira, Lamarainek honako galdera hauxe egin die sozialistei: “Nire galdera da ea non egon ziren sozialistak maiatzaren 29an, udal araudiaren aldaketa bozkatu genuenean? (orain abokatuak errekurritu duen hori). Nik kontra bozkatu nuen. Bakarra izan nintzen. Eurak ez ziren osokora azaldu. Eta orain ere horren kontra bozkatu dut”.

Epaitegietara joan behar

Udalaren kontrako errekurtsoan aurkezteko puntuari baiezkoa eman izana, berriz, Lamarainek justifikatu du esanez Arrasateko Udalak (“eta ez ANVk”) “lehenengo eta behin” egin behar duena dela “epaitegietan aurkeztu” eta Lamarainen esanetan, hantxe, epaitegietan defendatu beharko ditu PSE-EEk bere tesiak. “Baina han defenda ditzatela, epaitegietan. Gero, Estatuko Abokatuak erabaki beharko du egoera legezkoa den edo ez”.

Zera ere gaineratu gura izan du PPko ordezkariak:  “Ez dugu ahaztu behar ANV Arrasateko Udalean dagoela Zapaterok eta Patxi Lopezek gura izan zutelako eta ustez Francisco Gartzia Rayak ere gura izan zuen hori, interes pertsonalak zituelako. Mesedez ez diezagutela errua besteei bota”.

"Asko molestatu"
Bukatzeko, Lamarainek aditzera eman du “guztiak” ez duela balio politikan. Eta dio “asko molestatu” dutela alderdi sozialistaren salaketak eta akaso “lagun arteko kontuak apurtu" egin daitezkeela "alderdi sozialistak horren modu lotsagabean gezurrak esaten segitzen badu”. Galdera batekin bukatu du bere buruaren defentsa: “Zein da kontua: Itziar Lamarain erabili gura dute astintzeko alfonbra moduan?. Bada ez. Oker dabiltza. Francisco Garcia Rayak lana egin beharko luke Udalean, jendea difamatzen ibili beharrean” 


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak