Lurpean, obrek janda
Kalearen mailatik metro erdi azpira dago iturburua; ondo ezkutatuta, urtetan gainean eraiki den guztiarengatik. Adibidez, barrura sartzeko, oraingo espaloia apurtu egin behar izan dute.
Indusketak egin dituzte horretarako. Hiru lagunen artean egin ere: Jose Angel Barrutiabengoa (Arrasate, 1951) Aranzadiko kide eta indusketazaleak abiarazi zuen ekimena eta Arrasate espeleologia taldeko beste bi kidek lagundu diote, borondatez guztiek, Udalak utzitako erremintekin.
Deigarria da, adibidez, ura ateratzen hasi zaiola orain iturburuari: "Arkutik fondoraino lau metro daude. Bi aska aurkitu ditugu, edo, hobe esanda, bat, handia, bitan banatuta. Ura, filtrazio bitartez, hasierako askan batzen da, eta aska horrek gainezka egiten duenean aska txikira dator. Uste dugu egongo zirela eskaileratxo batzuk jendeak ura aska txikitik har zezan. Orain arte guztiz siku egon da ingurua. Industen hasi garenean hasi da ura ateratzen, harriak izerdi egingo balu bezala. Orain aska hustuko bagenu, bihar goizerako oraingo maila berean egongo litzateke ura", kontatu du Barrutiabengoak.
Iturria berreskuratu gura
Iturriaren indusketa bukatuta, Barrutiabengoak Udalari proposatu dio iturria bistaratzea: "Txukundu eta berreskuratzea. Eskaileratxoak bistan utzi… Udal teknikariek erabaki beharko dute; baina, gutxienez, ikusaraztea".
Kalearen izenaren jatorri
Hala ere, bere benetako nahia litzateke erakustea iturri hori dela Iturriotz kaleari izena ematen diona.
Eta eduki baditu arrazoiak hori pentsatzeko: "Hemendik pasatzen zen Errege Bidea. Portaloian hasi eta Erdiko kaletik gora ikastetxeraino iristen zen, gero ezkerrera hartzen zuen, beste arku bat gurutzatzen zuen (gaur egun eraikitzen dabiltzan etxe inguruan), gurutzadurara joan eta Gasteizerako bidearekin bat egiten zuen. Kontuan hartuta oso antzinako iturria dagoela eta Iturriotz kalearen izena 1400. urterako aipatzen zutela, ba, izena iturri honetatik etor daitekeela uste dut".
Aranzadiko aditua etorriko da
Izan ere, iturria antzinakoa dela badaki Barrutiabengoak: "Harriaren kalitateak eta formazioak Arbolapetako arkuarekin antzekotasun handia dauka. Badakigu Arbolapetako arkua harresiaren zati zela, eta harresia urte askoren buruan eraiki zuten, 1260a ezkero dago horren gaineko dokumentazioa, eta, akaso, iturri horio garai berekoa izan daiteke, baina norbait behar dut hori horrela den edo ez konfirmatzeko".
Eta horretarako, Aranzadiko aditu baten bisitaren zain dago: "Lagun diezadan, eraikuntzaren ezaugarrien, harri motaren eta bestelakoen arabera, eraikuntzaren datarekin".
Dena den, eta Aranzadiko aditua etorri artean, Barrutiabengoa bera dabil muturra antzinako dokumentutan sartzen, Udal Artxiboan, besteak beste.
Inkognita argituta
Jose Angel Barrutiabengoak aitortu du aspaldiko urtetan zeukan jakin-mina argitzeko proposatu eta egin dituela iturriaren indusketak: "Beti ibili izan naiz Aranzadin, indusketetan laguntzen. Eta erretiro aurreratua hartu dudanean, lehenengo gauza hauxe egin dut; izan ere, inkognita hori neukan. Gure ama Gazteluondon jaiotakoa da, 91 urte ditu eta hark beti esan izan du arku hori beti estalita izan dela, ez dela egon ezer; jende oso nagusiak ez du jakin zer zegoen hor… Eta beti pentsatu izan dut: hori begiratu egin behar da, begiratu egin behar da… orain arte".