Iturbideko kantoiko zatia falta da Zerkaosteta kaleko obrak bukatzeko

Ubane Madera 2007ko ira. 7a, 14:01
Ezustekorik ezean, irailaren amaieran bukatuko dituzte Zerkaosteta kaleko eta Ferixalekuko aparkalekuko obrak; Uriburukoak bukatuta daude
Zerkaosteta kaleko obrak nahiko aurreratuta doaz abuztuko oporraldiaren ostean. Dagoeneko zorua zolatuta dago, galtzada-harriekin, eta, obra nagusiari dagokionez, erremateak egitea besterik ez da falta. Hala jakinarazi du Izaro Agirrek, obretako udal teknikariak.

Hori bai, Iturbide egoitzaren ondoko kantoiko obrak egitea falta dela ere gaineratu du hark. Hain zuzen ere, Garibai kaletik Zerkaostetara igotzeko pasabidea egokitu egin behar dute; baita Iturbide egoitzaren sarrera ere. Hala, batetik, aldapa berria egingo dute, orain arte zegoena baino malda txikiagoa izango duena. Halaber, lehengoa baino luzeagoa ere izango da. Helburua da aldapa horrek irisgarritasun irizpideak betetzea. Eta bestetik, eskailera berriak ere ipiniko dituzte, orain arte zeudenak estuegiak ziren-eta.

Hain zuzen ere, udal teknikariak jakinarazi duenez, aurreikuspenen arabera, datorren astean ekarriko dute kantoirako pasabide berria. Behin hura ipinita, erremateak egin eta obrak bukatutzat emango dituzte.  

Ferixalekuko aparkalekua

Eta eguraldiak askorik oztopatzen ez badu, behintzat, irailean bukatuko dituzte, baita ere, Ferixalekuan egiten dabiltzan lanak.
Hain zuzen ere, Ferixalekuko jolastokian dagoen aparkalekurako irteera berria egiten dabil Udala. Izan ere, aparkalekuaren orain arteko irteera ez zen egokia, justu oinezkoen pasabidera ateratzen zelako. Gainera, autoen joan-etorriaren eraginez, irteera horretan zegoen espaloiaren egoera nahiko txarra zen.

Hori guztia kontuan hartuta, irteera berria egingo diote aparkalekuari. Orain arteko irteeratik metro batzuk urrutirago, Amaia antzokirantz. Eta horrekin batera, ate irristailu bat ipiniko dute, eskola orduetan itxita egongo dena, umeak babesteko. Eta eskola orduak bukatzen direnean, udaltzainak arduratuko dira hura zabaltzeaz. 

Uztailean hasi zituzten obrak eta abuztuan etenda egon dira. Orain, hastear daude. Hain zuzen, gaztetxerantz ematen duen aparkaleku zatia inpermeabilizatzea falta da. Atea eta baranda, berriz, eskatuta dituztela jakinarazi dute.

Uriburuko berritze lanak

Eta obren errepasoarekin bukatzeko, Uriburu kalekoak uztailaren amaieran bukatu zituztela gogorarazi dute Udaletik. Beraz, harrezkero, Erguin auzoan autoen zirkulazioa normaltasunera bueltatu dela gaineratu dute.

2006ko bukaeran hasi zituzten Uriburu kaleko 9 eta 29. atarien artean obrak egiten. Hain justu ere, kalearen zati horretako azpiegitura guztiak berritzen ibili dira harrezkero.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak