Adostasunik ez, beraz, indarrean segitzen du oraingo asteko astelehenean abiarazi zuten mugagabeko grebak. Eta halakoetan ohi den moduan, datozen egunotan zerbitzu minimoen araberako zerbitzua eskainiko dute Untza enpresako azpikontratatutako langileek.
Zerbitzu minimoak
Zerbitzu minimoak Jaurlaritzak zehaztu ditu. Haien arabera, egunez lau langile gutxiagok dihardute egoitzan lanean; berez, 13 dira, bada, orain bederatzi dabiltza. Gaueko zerbitzuak, berriz, oraingo bera izaten jarraituko du, hau da, bi erizain laguntzailek dihardute lanean.
Gauzak horrela eta Udaleko Gizarte Ongizate Sailetik emandako xehetasunen arabera, ja igartzen hasi dira grebaren eragina. Oro har, egoitzako funtsezko zerbitzuak ematen diharduten arren, eguneroko jardunetan atzerapenarekin ibili dabiltza. Hau da, egoiliarrak ohikoa baino beranduago jaikitzen dituzte, jatorduak beranduago ematen dizkiete eta jakina, oheratu ere beranduago oheratzen dituzte. Horrez gainera, egoiliar askoren dutxak murriztu egin behar izan dituzte, ezinbestekoak diren kasuetan izan ezik.
Senideak kezkatuta
Ongizate Sailetik jakinarazi dute, baita ere, asteon egoiliarren senitartekoekin batzartu direla, egoera zein den azaltzeko. Adierazi dute kezkatuta ikusi zituztela senide asko; bereziki, erizain laguntzaileek ematen duten zerbitzuak pertsonengan duelako eragina, eta kasu honetan, mendekotasun handia duten pertsonak direlako egoitzan daudenak.