Iturbideko egoitzan lanean diharduten Untza enpresako langile
azpikontratatuen auzia bere onera etortzen ari dela dirudi. Hala ere,
oraindik ezin da greba amaitu denik esan, eguaztenean Untzako langileen
ordezkariek Udaleko ordezkariekin izango duten bilera erabakiorra
izango da-eta. Hasiera batean joan den egubakoitzean, hilak 17, egin
behar zuten batzarra baina Pazko astean udaleko zenbait teknikari
oporretan izan direla-eta etzira arte atzeratzea erabaki zuten.
Untza enpresako langile azpikontratatuek martxoaren 24an hasitako greba
etetea erabaki zuten Aste Santu hasieran. Grebari Udaletxeko langileen
baldintza berak lortzeko ekin zioten; labur esanda, baldintzen
parekatzearen alde hasi ziren borrokan. Bada, ordutik astero bildu izan
dira udaletxe aurrean eta osoko bilkura batera ere eroan zuten euren
protesta –irudian–.
Udalaren proposamena
Iturbideko egoitzan diharduten Untzako langileek euren ahotsa ozen
entzunarazi arren, ez dute, oraingoz behintzat, eskatutakoa lortzerik
izan. Honakoa da Udalak egin dien azken proposamena: lau urteren buruan
langile bakoitzari soldatak %30,65 igotzea eta urteko Kontsumo Indizeen
prezioa (KPIa) eta udaletxeko langileei aplikatzen zaizkien igoerak
linealki eurei ere aplikatzea.
Proposamen horren aurrean greba etetea erabaki zuten Untzako langileek,
eta Udalarekin bildu arte lanean jarraitzea. Hori horrela, Juan Ramon
Garai ESK sindikatuko kide eta grebaren koordinatzaileak jakinarazi
duenez, "eguazteneko bileran gertatzen dena ikusi beharko da, Udalaren
proposamena zein epetan eta nola gauzatuko den zehazten denean".
Untzak esleipenari uko egitea
Bestalde, Untza enpresak zerbitzuaren esleipenari uko egitea ere
kaltegarria litzateke langileendako. Langileen ustez "enpresa
azpikontratatu batek betebehar batzuk ditu enpresa kontratatzaileekin,
eta beraz, enpresak lana betetzen jarraitu behar du".