Iturbide egoitzako langileak, negoziatzeko prest

Arritxu Barruso 2009ko api. 2a, 15:26
Arrasateko Iturbide egoitzako azpikontratatutako langileek greban jarraitzen dute, baina, gaur jakinarazi dute soldaten berdintasuna eskatzeari utziko diotela. Hori horrela, Udal Gobernuak erdi bideko proposamen bat egiteko zain daude, mahai batean eseri eta negoziatzen hasteko.

Iturbide egoitza kudeatzen duen Untza enpresako langile azpikontratatuek 10 egun daramatzate greban. Greba honen hasierako helburua zen Iturbiden lanean diharduten hiru udal langileen lan baldintza berberak eskuratzea azpikontratatutakoek.

Udal Gobernuak soldata lau urtean %30 igotzeko proposamena egin zien greba hasi zutenean. Langileek ez zuten proposamena onartu eta ordutik ez da gerturatzerik egon Udalaren eta langileen artean.

Baina gatazkak luze dirau. Hori horrela, langileek gaur goizean agerraldia egin dute adierazteko akordio batera iristeko esfortzu bat egiteko prest daudela: "Prest gaude gaurtik aurrera gure lan baldintzak eta soldatak hobetzearen alde erdibideko akordio batera iristeko eta horretarako Udalari negoziazioa irekitzeko eskatzen diogu. Argudioak eta justizia gure alde daude berdintzea edo ekiparatzea planteatzen dugunean, baina, mobilizatzen hainbeste egun egin eta gero, behartuta gaude gure eskakizuna atzeratzera. Udalari dagokio hurrengo urratsa ematea: eskaintza berri bat egitea", azaldu dute.


Gaineratu dute Iturbide egoitzako egoiliarrek ez dutela merezi gaur egungo egoera. Jakinarazi dute zerbitzuak atzeratzen ari direla eta egoera oso txarra dela.

Esan bezala, beraz, Iturbide egoitzako langileak urrats hau eman ostean Udal Gobernuaren proposamen baten zain geratzen dira, eta adierazi dute ez luketela ulertuko Udal Gobernuak proposamen berririk ez egitea.

Eta gatazka honekin lotuta langileen egin berri duten eskakizun bera egin zuten atzo arratsaldean Arrasateko Ezker Batua Zutik eta Aralar alderdiek. Azaldu zuten derrigorrezkoa dela egoera desblokeatzea eta negoziazioari bultzadatxo bat ematea. Bi aldeei eskatu zieten erdi bideko adostasun batera iristeko ahaleginak egitea. Horixe bi alderdi horiek egindako eskakizuna. Horrez gain atzo goizean ESK sindikatuko exekutibako ordezkariak Arrasaten izan ziren atzo, protestan diharduten langileei euren babesa erakusteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak