Iturbide egoitzako langile azpikontratatuak mobilizaziotan, lan baldintzak parekatzeko

Miren Arregi Amasorrain 2009ko otsailaren 17a

Salatzen dute Iturbiden ari diren udaleko langileen eta udalak azpikontratatutako Untza enpresakoen lan baldintza eta soldatak, desberdinak direla. Udalarekin hasi dira negoziazioak dagoeneko, baina arazoa konpondu bitartean, egunero 12etatik ordu batak laurden gutxiagotara, Arrasateko plazan elkartuko dira egoera hori salatzeko.

Arrasateko Iturbide egoitzan langile azpikontratatuak eta udaletxeko langileak ari dira lanean. Lan berdina egiten duten arren, Untza enpresako langile azpikontratatuek diote lan baldintzak eta soldatak ez daudela inondik ere parekatuta, eta hori da gaur, egoitzako langileak mobilizazioetan hasi izanaren arrazoia.

Hala, adierazi dute, mobilizazio horien helburua dela lan bera egiten duten langileen artean desberdintasunik ez egotea, eta batzuek duten pribilegio egoerarekin bukatzea, modu horretan, langileen arteko diskriminazioarekin amaituz. Diote gainera, baldintzak parekatzeak, egoitzan daudenen bizi kalitatea hobetzen ere lagunduko duela.

Horiek horrela, azpikontratatuen eta udaletxeko langileen arteko baldintzak hobetzeko elkarrizketetan ari dira. Udalak proposatu die lau urtetara, soldatak berdinduko lituzkeen prozesu bat, baina langileek diote, oraindik ere lan baldintzak berdintzeko arazoa ez dela mahai gaineratu. Hori da langileen arabera, mobilizazioak hasi izanaren arrazoia. Ino Galparsoro alkateak, udaletik kanpoko zerbitzuak sektore bakoitzaren erregulazioa dutela esan du, eta onartu du diskriminatzailea izan arren, hori dela egungo egoera. Gaineratu du, mobilizaziook, negoziazioek aurrera egin ahala, presio egiteko estrategia baten testuinguruan kokatzen dituela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak