Iturbide egoitza berritzeko proiektua aho batez onartu du udalbatzarrak

Ubane Madera 2007ko ots. 26a, 12:55
Osoko bilkura bizkorra egin du gaur udalbatzarrak, ordubete eskas iraun du-eta. Landutako puntuen artean, onartu dute, batetik, Iturbide egoitza berritu eta hobetzeko proiektua eta bestetik, babes ofizialeko etxeak Udalaren arauen bitartez zozkatuko dituztela.

Iturbide egoitza

Iturbide egoitza berritzeko proiektua aho batez onartu du gaur udalbatzarrak. Horren arabera, pertsona nagusien egoitza hori handitu egingo dute eta zenbait zerbitzu gehituko dizkiote. Esaterako, 104 egoiliar hartzeko logela gehiago eraikiko dituzte; zenbait areto berri ere eraikiko dituzte (fisioterapia, orotariko gela bat, bulegoak…); langileendako aldagelak ere bai, igogailua eta jangela, besteak beste.

Hori guztia egiteko hiru milioi euro pasatxoko aurrekontua eta 21 hilabeteko epea zehaztu dute. Lanak 2007an hasi eta 2009an bukatuko dituztela ere zehaztu dute zinegotziek.

Babestutako etxebizitzak

Bestetik, babestutako etxebizitzak zozketatzeko arauak onartu ditu gaur osokoak. Hain zuzen ere, erabaki du Gelman eraikitzen dabiltzan babestutako 131 etxebizitzaren eta Uribarriko 44 etxebizitzaren zozketa Udalaren bidez egitea, eta ez Etxebideren bidez. Ezker Batuak emendakin bat aurkeztu dio puntu horri, baina ez dute onartu. Puntua bera, berriz, onartu dute EAJ, EA eta PSE-Eeren aldeko botoekin; Ezker Batuak kontra bozkatu du eta abstenitu egin dira Aralar, PP eta Talde Mistoa.

Ander Rodriguez EBko zinegotziak esan du horrek kaosa ekarriko duela: "Badago lista bakarra, Etxebidekoa eta horrek berme guztiak ipintzen ditu. Udalak bere gain hartzea zozketa eta prozesu guztia, horrek iluntasuna ekarriko luke."

Alkateak, berriz, ez du uste gardentasun falta izango denik:

Eta gehitu du zerrenda bakarra erabiliko duela Udalak, Etxebidekoa. Lehenengo konfirmatuko duela hor dauden pertsona guztien interesa, gutun zertifikatuen bitartez. Horrez gainera, aukera izango dute zerrendan izena emateko, Arrasaten 20 urtez bizi eta 10 urtez erroldan apuntatuta daudenak. 

Mozioa

Bukatzeko, EAJk aurkeztu duen mozioa eztabaidatu eta onartu du udalbatzarrak. Lehendakariaren kontra zabaldutako zigor kausa dela-eta, hura ixtea eskatu dute, besteak beste. EAJ, EA, Talde Mistoa eta Aralarrek mozioaren alde bozkatu dute, eta PSE-Eek eta PPk, berriz, kontra. Eztabaida politikoa ere eragin du puntu horrek. EBk eta Aralarrek salatu dute halako egoerak direla Alderdien Legearen ondorio, eta hura indargabetzeko eskatu dute. PSE-EEk eta PPk, berriz, biek defendatu dute auzitegien erabakiak errespetatu egin behar direla, baina PSE-EEk PPren jarrera kritikatu du esanez haiek auzitegiak erabiltzen dituztela argudio politiko barik geratzen direnean.

Galde eta erreguen tartean, Ezker Batuak Gelmaren gainean sartuta duten errekurtsoa erantzun behar dieten edo ez galdetu du. Baietz erantzun dio alkateak, erantzungo dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak