Isuna ipiniko dio Udalak Kanpantzar harrobiari

Ubane Madera 2010ko urr. 28a, 12:14
Arrasateko Udalak Kanpantzar harrobiaren kontrako espediente zigortzailea abiaraziko du. Bestela esanda, isuna ipiniko diote Kanpantzar harrobiari baimen barik Udalatx barrutik harria ateratzen segitzearren.

Iaztik dator kontu hori. Hain justu, Udalatx barruan hiru galeria daude. Bat handia eta bi bigarren mailakoak. Bost urteotan zulatu ditu Cantera de Campanzar enpresak galeria horiek. Helburua izan da ikertzea ea bideragarria den mendi barruan meategia egitea, kareharria ateratzeko. Eta ikerketarako baimena eman zion 2005ean Arrasateko Udalak. 

2009ko abenduan, baina, Arrasateko Udalak jakin zuen Cantera de Campanzar enpresa jarduera baimen berria tramitatzen zebilela Jaurlaritzaren bitartez, kasu horretan, lur azpitik harria ateratzen segitzeko, baina, meategi moduan. 

Ikerketa bukatutzat

Hori horrela, Arrasateko Udalak ulertu zuen ikerketari berari dagozkion lanak bukatutzat eman dituela Cantera de Campanzar enpresak. Eta beraz, mendi barruko meategitik kareharria ateratzen segitu gura badu, jarduera lizentzia berri bat eskatu beharko duela.
 
Halaxe jakinarazi zioten harrobiaren kudeatzaileei; baina orain ikusi dute harrobiak bere horretan segitzen duela.

Hori horrela eta ikusita harrobikoek ez dutela tramitatu baimen berririk, esandako moduan, Arrasateko Udalak zigorra ezarriko dio harrobiari. Zelako zigorra izango den eta bestelako xehetasunak espediente zigortzailean zehaztuko dituzte.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak